Garmendiko kobazuloa
Garmendi kobazuloko azken indusketaren lan-eremua zabaldu dute ikerlariek, eta usteen kontra, harrizko egitura hau lauzaz egokitutako lurzorua dela baieztatu dute; ez hasieran uste zen itxitura bat. Induskatutako eremu berrian ikatz-aztarnak, hezurrak eta erretako zerealak aurkitu dituzte, baina gutxi. Dena den, Aldaia eta Arranzen lan-taldeak, jasotako aztarnetako bati Karbono-14 datazioa egiteko asmoa du, giza okupazioaren kronologia zehatzagoa ezagutzeko. Ikertzaileen ustetan, ordea, Burdin Aroa eta Erromatar garaiaren artekoa izan liteke kobazuloaren giza-okupazioa, hau da, 2000 urte ingurukoa. Ikerketek okupazio zaharragoen bila jarraituko dute.
Aranerrekako harpea
Aranerrekako harpean egindako indusketa lanetan, aldiz, sutondo bati lotutako okupazio berri bat antzeman dute ikerlariek. Aurkikuntza hau aurreko urtean azaldutako Burdin Arokoaren ondorengo geruza batean egin dute. Hezur industria, fauna hezurrak eta eskuz egindako zeramika zatiak jaso dituzte bertan, eta horrek, ikerlarien esanetan, erromatarren okupazioa iradokitzen du. Kasu hau ere, Karbono-14 datazioaren bidez argituko dute.
Bestetik, Burdin Aroko mailan, ongi egituratutako etxebizitza baten hondakinak induskatu dituzte; harri blokez mugatutako sutondoa eta eskuz egindako zeramikazko eltze handi baten zatiak eta guzti. Kasu honetan ere, indusketek aurrera jarraituko dute Aranerrekako harpearen okupazioei buruzko xehetasun gehiago aztertzeko.
Amasako inguruak modu jarraian izan ziren okupatuak
Aurkikuntza hauekin, beraz, protohistorian eta Erromatar garaian Amasako inguruak modu jarraian okupatuak izan zirela baieztatu dute Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek. Gainera indusketa lan hauetako aurkikuntza azpimarragarria da, bai Garmendiko koban (Erromatar garaiko mailan), eta baita Aranerrekako bi okupazio mailatan ere, lurzorua harriz egokitzeko ohitura mantendu zutela bertako biztanleek. Hau ez da beste garaiko aztarnategietan ikusten, eta baliteke koba eta harpeen hezetasunaren ondorioz egindako egokitzapena izatea.