2024ko balantze ekonomikoa aurkeztu du Udalak

2024ko behin betiko aurrekontua 10.550.057,45 eurokoa izan zen, hasierako aurrekontua baino 2.715.884,45 euro handiagoa, eta Udalak 736.901,96 euroko superabitarekin itxi zuen ekitaldia.

2024ko ekitaldiari dagokion aurrekontuaren likidazioa onartu du Udalak eta asteazkenean egindako Udalbatzaren osoko bilkuran Udal gobernuak 2024ko datu ekonomikoen berri eman zien oposizioko ordezkari politikoei.

Aurrekontu-emaitza doituari dagokionean, 736.901,96 euroko superabitarekin itxi zuen Udalak 2024 urtea, eta diruzaintzako gerakina 4.099.247,14 euroko izatera heldu zen 2024ko abenduaren 31n.

Aipagarria da 2024ko hasierako aurrekontuaren %90,35a exekutatu zela urtean zehar, exekuzio-maila altua, zalantzarik gabe. Datu honekin ondorioztatu daiteke Amasa-Villabonako Udalak egoera osasuntsua duela likideziari dagokionean.

Udalaren diru-sarrerak ia bere horretan mantendu ziren
Diru-sarreren atalean, udalak 2024an izandako diru-sarrerak soilik %0,74ko igoera izan zuten aurreko urtearekin alderatuta.

Udalak iaz izandako diru-sarreren kapituluan nabarmentzekoak diren datuak
• Zuzeneko zergetatik jasotako diru-sarrerak %4,59 igo ziren.
• Zeharko zergen bidez izandako diru-sarrerak %1,62 jaitsi ziren.
• Udal-Tasetatik eta bestelakoen bidez izandako diru-sarrerak %1,80 igo ziren.
• Udalen Finantzaketarako Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalari bideratutako Foru Funtsa, 2023. Urtekoa baino %2,39 baxuagoa izan zen.

Azken datu honek adierazten du Udalaren finantzaziorako garrantzitsuena den Foru Funtsetik (Udalaren diru-sarrera guztien %68a) 128.000 euro gutxiago jaso zirela 2024an, 2023an baino.

Gastu arruntaren igoera aipagarria
Gastuei dagokienez, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, gastu arruntak %3,9ko igoera izan zuen 2024an. Pertsonal gastuak %4,79 egin zuen gora eta Udal zerbitzuen kapituluan, aldiz, gastuak %10,52ko igoera izan zuen iaz.

2024ko inbertsioak
Udalak iaz egindako inbertsio errealei dagokionean, guztira 715.753 euroko gastua gauzatu zen bukaeraraino (inbertsioak exekutatuta eta guztiz ordainduta).

Hala ere, aipagarria da 1.496.268 euro iritsi zirela baimendutako inbertsioak izatera, hau da, diru hori dagoeneko gauzatze-prozedura hasita duten inbertsioetara bideratu zen eta 2025ean zehar bukatuko badira ere, inbertsio horiek 2024ko ekitaldiko aurrekontutik ordainduko dira.

Zor publikoa
2024ko abenduaren 31n Udalean amortizatzeko dagoen zorra 445.742,82 eurokoa da. Aurreko urteko ekitaldiarekin alderatuz gero 161.125 eurotan murriztu da. Beraz, Udalaren zorpetze-maila, sarrera arruntekiko, % 5,82koa da.

Udal Gobernuaren balorazio positiboa
EH Bilduk zuzentzen duen udal gobernu taldeak 2024. urteko balantze ekonomikoaren balorazio baikor eta positiboa egin zuen bai Ogasuneko Batzorde Informatzailean eta baita Udalbatzaren osoko bilkuran ere. Alkatetzaren iritziz, datu ekonomiko hauekin Amasa-Villabonako Udalaren egoera "oso osasuntsua" dela eta Udalaren oreka ekonomikoa "bermatuta" dagoela esan daiteke ziurtasun osoz. Horrekin batera, Udalaren zorpetze maila baxua eta diru-sarrerak behar bezala biltzeko erakutsitako ahalmena goraipatu zituen EH Bilduko bozeramaileak. Amaitzeko Udal gerakinean lau milioitik gorako diru-poltsa edukitzeak "ez-ohiko inbertsio garrantzitsuak egiteko aukera" eskaintzen duela eta aukera horiek behar bezala baloratuko direla adierazi zen udal gobernutik.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!