Arratzain futbol-zelai inguruko hesiak berritu ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala

Arratzain futbol-zelaiaren inguruko itxitura berritu du Udalak aste honetan. Egoera txarrean zeuden hesi zaharrak kendu eta berriekin ordezkatu dira, kirol azpiegitura publiko honek itxura berriagoa eta zainduagoa du orain.

Udalaren eskuhartze hau guztiz beharrezkoa izan da futbol-zelaiaren itxitura berritzeko premiari erantzuten baitio. Izan ere, orain arte futbol zelaia inguratzen zuen hesia erabat zaharkitua zegoen eta hainbat lekutan puskatua zegoen, zulo handiekin. Horrek futbol jokalarietzat, entrenatzaileentzat eta ikusleentzat segurtasun arazo bat sortzen zuen, hesiak ez zuelako bermatzen inor goitik behera erortzea. Orain ezarri den hesi-egitura berriak zelaiaren estetika nabarmen hobetzeaz gain, segurtasun arazo horiekin amaitzea dakar.

Herriko kirol-azpiegituraren berrikuntza lan hau gauzatzeko Herreria Bidebieta SL enpresa kontratatu da, eta Udalak 10.289,47 euroko inbertsioa egin du. Hesien instalakuntza lanen aurretik brigadako udal-langileek eremuaren txukunketa lanak burutu zituzten, hesiari itsatsita zeuden eta hesia kaltetzen ari ziren hainbat landare bertatik kenduz.

Jarduera hau Udalak Amasa-Villabonako baliabide eta azpiegitura publikoen etengabeko mantenu eta hobekuntzarekin duen konpromisoaren parte da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!