Jabetza publikoko herri-bideen inbentarioa onartu du Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala

Urrats garrantzitsua eman du Udalak Amasa-Villabonako herri-bideak identifikatu eta babesteko, jabetza publikoko herri-bideen inbentarioa berrikusi eta eguneratu ondoren Udalbatzak aho batez hasierako onespena eman baitio. Udal-jabetzako bide publikoak biltzen dituen dokumentu hau titularitate publikoa egiaztatzeko oinarri gisa erabiliko da aurrerantzean.

Inbentarioaren garrantzia
Inbentario hau herri-bideen zerrenda huts bat baino gehiago da. Lege eta administrazio funtsezko tresna da, eta eztabaida posibleen aurrean bide publikoak babesteko aukera emango dio Udalari. Inbentario honetan sartzen diren bideak, beraz, jabetza-titularitate formalik izan ez arren, historikoki sarbide publiko gisa erabili izan direnak dira. Inbentarioan sartzeak bide horien titulartasun publikoa indartuko du, eta ofizialki udal-ondarearen zati gisa aitortuko dira.

Metodologia eta irizpideak
Amasa-Villabonako herri-bideen inbentarioaren eguneratzea egiteko metodologia zorrotza jarraitu da. Lana gauzatzeko 2.022 urtean kontratazio prozesua jarraituz hainbat proposamen jaso ondoren, Conchi Uriarte Seminario nekazal teknikariari 2.002an Patxi Arzamendik egindako inbestarioaren eguneratzea gauzatzeko eskaera luzatu zitzaion. Horretarako 17.570 € bideratu zirelarik.

Hala, lehenik eta behin, landa-lan bat egin zen, eta bertan zeuden bideak bisitatu eta dokumentatu ziren, bideen egoera egiaztatu eta eguneratuz. Gainera, udal artxiboetako, katalogoetako eta beste dokumentu garrantzitsu batzuetako informazioa ere bildu da. Bideak egoeraren eta erabileraren arabera sailkatu ondoren, irizpide argiak ezarri dira bideak inbentarioan sartzeko edo bertatik baztertzeko.

Aldaketak eta inklusio berriak
Inbentario honen berritasun nagusietako bat bide berriak sartzea eta publikotzat jotzeko baldintzak betetzen ez dituzten beste batzuk kentzea izan da. Bide batzuk kendu egin dira egoera txarrean daudelako edo ibilbide alternatiboak daudelako; aldiz, egungo komunikazio-premiei erantzuten dieten trazadura berriak gehitu dira.

Jabari publikoko 106 bide jaso dira guztira (68 bide nagusi eta 38 adar), udalarenak direnak antzina-antzinatik eta erabilera publikoa duten jabari pribatuko bideak.

Hurrengo urratsak
Ekainaren 26an egindako osoko bilkuran Udalbatzak hasierako onarpena eman zion dokumentuari. Orain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratzean, jendaurrean jarriko da eta 30 eguneko epea irekiko da alegazioak egiteko. Jendaurreko epea behin amaituta, alegazioak aztertu eta ebatzi, beharrezkoa bada, dokumentuaren aldaketa egin eta behin betiko onarpena emango dio udalbatzak dokumentuari.

Zalantzak argitzeko edota ekarpen berriak egiteko Udaleko Ingurumen sailarekin jarri harremanetan:

Hemendik aurrera, beraz, Amasa-Villabonako herri-bideak hobeto eta argiago ezagutzeko aukera egongo da. Udalak lanean jarraitzen du herritar guztien eskubideak babesteko eta ondasun publikoen erabilera ordenatua eta egokia bermatzeko.

Kontsultatu herri-bideen inbentarioa

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!