Udalak El Salvador eta Sahararekin duen elkartasuna indartu du Euskal Fondoarekin lankidetzan

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala

Amasa-Villabonako Tokiko Gobernu Batzordeak aho batez erabaki du Udalak Euskal Fondoarekin duen lankidetza hitzarmena berritzea.

Udalak, Euskal Fondoarekin lankidetzan, 16.230,11 euro bideratuko ditu garapenerako nazioarteko proiektuak finantzatzera. Euskal Fondoak euskal udalerrien laguntza bideratzen du garapen bidean diren herrialdeetako elkartasun egitasmoetara.

2025erako Amasa-Villabonaren ekarpena bi proiektu hauetara bideratuko da zehazki:

1. El Salvadorreko Segundo Montes komunitateko Meanguera barrutiko Soledad auzoan edateko ura sartzeko proiektuaren lehenengo faseko lanak egiteko: 10.874,17 euro.
Proiektu honen helburua Soledad kantoiko biztanleek edateko ura izatea da, kalitate eta kantitate baldintza egokietan. Horretarako ur-sistema berri bat eraikiko da, 132 familia kalitatezko edateko urez hornituz. Proiektu honekin 506 pertsonak ( % 57 emakumeak eta % 43 gizonak) edateko ura bermatuta edukiko dute eta beraien bizi-kalitatea nabarmenki hobetuko da.
2. Mendebaldeko Saharan, Marokoko indar okupatzaileen zigorgabetasuna salatzeko eta giza eskubideen defentsarako: 5.355,94 euro. Egitasmo honekin, arlo humanitarioan Sahara eta Euskal Herriaren arteko elkartasunaren eraginkortasuna hobetu nahi da, giza eskubideen egoera eta urraketak behatuko dira, sentsibilizazio-jarduerak antolatuko dira, etab.

Onartutako lankidetza-hitzarmen honen bidez, Udalak bereziki El Salvador eta Mendebaldeko Saharako lurraldeekin duen elkartasun-harremanetan sakonduko du. Izan ere, Amasa-Villabona, gerra, zapalkuntza, okupazioa, giza eskubideen urraketa eta bizi baldintza oso gogorrak pairatzen dituzten bi herrialde hauetako komunitateekin senidetuta dago. Udalarentzat nazioarteko elkartasun-politikekin eta garapenerako lankidetzarekin duen konpromisoari eustea funtsezkoa da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!