Dirulaguntza honen oinarriak aho batez onartu ziren pasa den uztailaren 22ko Udalbatzaren bilkuran eta aurrez Merkataritzan Ados! mahaiaren eta Oria merkatarien elkartearen oniritzia izan zuten.
Udalaren helburua herrira jarduera ekonomiko berriak erakartzea da, batez ere merkataritza arloan, Villabonak beti izan duen merkataritza-herri izaera mantendu dezan aurrerantzean ere. Horrela, azken urteetan pairatzen ari garen merkataritzaren gainbeherari aurre egin nahi izan dio Udalak.
Amasa-Villabonan kokatzen den lokal batean jarduera ekonomiko berri bat martxan jarri nahi duten ekintzaile edo sustatzaileei bideratutako dirulaguntza lerro honek, hainbat gasturi aurre egiteko laguntzak jasotzen ditu.
Diruz lagunduko diren gastuak:
1. Lokalaren alokairua ordaintzeko edo lokala erosteko gastuak (beti ere lokal horretan gutxienez lanpostu bat sortuko bada):
- Alokairurako dirulaguntza: Lehen 12 hilabetetan, lokalaren alokairuaren %50 diruz lagunduko da, 400 eurora arte. Azken 12 hilabetetan, berriz, alokairuaren %40 diruz lagunduko da, 300 eurora arte.
- Lokala erosteko dirulaguntza: Lokala erosketa erregimenean hartuz gero, prezioaren % 4 diruz lagunduko da, 5.000 eurora arte.
2. Jarduera martxan jartzeko edota jarduera-baimena eskuratzeko gastuak:
Justifikatutako gastuen %50a diruz lagunduko da, gehienez 2.000 euro lokal bakoitzeko.
Hauek dira justifikatutako gastu gisa onartuko direnak:
- Notaritzako eta erregistro gastuak.
- Aholkularitzako gastuak.
- Obra proiektuak eta egokitze laneko obrak egitea.
- Tresneria, altzari, makineria, etab. erostea.
- Proiektuarekin zerikusia duten komunikaziorako gastuak.
- Villabona eta Zizurkilgo Oria Merkatarien elkarteko kuota.
Dirulaguntza honek 2025. urtea osorik hartuko du bere baitan eta ondorioz aurten herriko lokal hutsetan martxan jarri edo ezarri diren merkataritza edo zerbitzu negozioek dirulaguntza hau eskatzeko aukera izango dute.