2026ko Ordenantza Fiskalak onartu ditu Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2025ko ira. 25a, 14:26

2026. urtean indarrean egongo diren Ordenantza Fiskalak onartu ziren atzoko Udalbatzaren ohiko osoko bilkuran. Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenak aurrera egin zuen EH Bilduren babesarekin, EAJ-PNVren aurkako botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin.

Ordenantza fiskaletan zehazten dira Udalak 2026 urtean jasoko dituen zerga eta tasen zenbatekoak.

%2ko igoera orokorra, KPIaren azpitik
Udal zerga eta tasek %2ko igoera orokorra izango dute. Doikuntza hori egiteko 2025eko urtarriletik abuztura EAEn erregistratutako Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) batez bestekoa hartu da erreferentziatzat, hau da, %2,8a. Horrela, udal-tasa eta zergak kontsumorako prezioen indizearen batez bestekoaren azpitik igoko dira 2026an.

Olaederra kiroldegiko tasetan %5 eta %10eko igoerak
Zerbitzuaren bideragarritasuna bermatzeko Olaederra kiroldegiko tarifak eguneratzeko proposamena egin zuten bertako kudeatzailea den Kirolzer SL enpresak. Udalbatzak ontzat eman du proposamen hori eta 2026an kiroldegiko bazkidetza kuotetan zein beste zerbitzuetan %5eko igoera aplikatuko da. Bertan eskaintzen diren ikastaroen tasak, aldiz, % 10 egingo dute gora.

Hondakinen tasan %20ko igoera, Europako arauak behartuta
2026an etxebizitzetako hondakinen bilketa tasak %20ko igoera esanguratsua izango du. Hori horrela, etxebizitzek hiruhilero 44,10euro ordaindu beharko dituzte. Bestetik, lokalek, supermerkatuek, tabernek edota banketxeek ordaintzen duten hondakinen tasari %2ko igoera aplikatuko zaio (gogoan eduki behar da 2025ean tasa hauek %60an igo zirela).
Europako zuzentarauak ezartzen duenaren arabera, tasa hauen bidez Udalek erabat berreskuratu behar dute hondakinen bilketaren eta kudeaketaren kostu osoa. Hori horrela, udal-tasak egokitu egin behar izan dira diru-sarrerek gastu horiek osorik estaltzen dituztela bermatzeko. Dena den, udal gobernuak aurreratu du hausnarketa bat abiatuko duela aurrerantzean hondakin bilketaren tasa hau modu justuago eta progresiboagoan kobratzeko helburuarekin.

Taxietako prezioei dagokionean, Tolosaldeko taxilarien elkarteak eskualdeko Udalei egindako proposamena onartu da eta ondorioz %2,8ko igoera edukiko dute.

Zine, antzerki edo kultur ikuskizunetako sarrerak, aldiz, izoztuta mantenduko dira 2026an, alegia ez da inolako igoerarik aplikatuko.

Etxebizitza hutsei %150eko errekargua OHZ zergan
Amasa-Villabonan etxebizitza hutsak dituzten herritarrek %150eko errekargua izango dute Hiri Ondasun Higiezinen gaineko Zergan. 2025ean errekargu hori %100ekoa zen, ondorioz beste %50 igotzea erabaki da orain. Neurri fiskal berezi honen bitartez, hutsik dauden eta inolako erabilerarik ez duten etxebizitzak merkaturatzea sustatu nahi du Udalak; etxeak salgai edo alokairuan jartzera bultzatu nahi ditu jabeak.

Hobari guztiak mantenduko dira 2026an
Atzoko osoko bilkuran onartutako Ordenantza Fiskalekin, orain arte aplikatu diren hobari guztiak indarrean mantenduko dira 2026an.

2026 urteko hobarien zerrenda

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!