Amasa-Villabonako zaintza sistemaren diagnostikoa aurkeztuko du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2025ko urr. 9a, 14:15

Urriaren 15ean izango da, 18:30etan, Subijana Etxean.

Zaintza lanen antolaketa emakume eta gizonen arteko desberdintasunen iturri nagusienetariko bat da. Amasa-Villabona parekide bat eraiki nahi badugu ordea, ezinbestekoa da errora joan eta egoera hori irauliko duten gakoak topatzea. Hori horrela, Udalak eta Berdintasunean Ados! mahai parte-hartzaileak elkarlanean, herriko zaintza sistemaren diagnostiko bat osatu dute eta etorkizunerako zenbait lan-lerro proposatu dituzte.

Gure gizartearen eboluzio demografikoak eta gizakion bizi-itxaropenaren etengabeko hazkundeak argi erakusten digu biztanleriaren zahartze-prozesu batean murgilduta gaudela eta 65 urtetik gorako herritarrak gero eta gehiago dira. Egoera honek zaintza sistema publikoaren zabaltze edo hedatze bat eskatzen du maila ezberdinetan.

Horrekin batera zaintza lanak egiten dituzten profesionalen lan baldintzak hobetu behar dira, zoritxarrez askotan ematen diren prekarietate eta esplotazio egoerekin behin betirako amaitzeko. Sektore hau oso feminizatua da eta askotan etorkinak edota pertsona arrazializatuak izaten dira zaintza lanetan dihardutenak, gainera kasu ugaritan merkatu beltzean. Gizarte gisa, eta erakunde publikoetatik egoera honi erantzun behar diogu, onartezina baita ia esklabotasuna oraindik existitzea.

Beraz, urriaren 15ean, Amasa-Villabonako zaintza sistemaren diagnostikoaren aurkezpena egingo da, 18:30etan, Subijana Etxean.

Pausu hau herriko zaintza sistema zabal, egoki eta justu bat eraikitzen hasteko lehen urratsa izango da, estrategia publiko-komunitarioak marrazten hasteko bidea.

Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu aurkezpen honetan parte hartzera eta gure herriaren diagnostikoa bertatik bertara ezagutzera.

Aurkezpenaren kartela

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!