Amaitu dira Arratzaingo futbol zelaiko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2025ko urr. 17a, 14:09

Proiektuak azken urteetan futbolean jolastu edo entrenatzera joaten diren haur eta gazteen kopuruaren gorakadari erantzun nahi dio, futbol zelaiko eremutik kanpo, beste espazio erabilgarri bat sortuz.

Arratzaingo futbol zelaian entrenamendu-gune berria sortzeko lanak amaitu dira aste honetan. Zehazki, zelai handiaren hegoaldean 295 metro karratuko azalera duen belar artifizialeko gune osagarri bat sortu da, beroketa eta luzaketa ariketak edo entrenatzeko beste ariketa batzuk egiteko erabili ahal izango dena.

Proiektu hau Billabona FKEko eta Aiztondo NKTko kirol taldeekin lankidetzan garatu du Udalak, izan ere taldeetatik egindako eskaera bati erantzuten dio.

Udalak Eregi Herrilan eta Zerbitzuak S.L. enpresa kontratatu du lanak gauzatzeko eta guztira 47.685,68 euroko inbertsioa egin du.

Aipagarria da Billabona FKEak ere inbertsio bat egin duela, aipatutako gunerako sarbidean (hegoaldeko atearen atzealdeko hormigoizko pasabidean) belar artifiziala ezartzeko, aldagelak eta eremu berria lotuz.

Jarduera honekin, Udalak kirola sustatzeko eta kirol instalazio publikoak etengabe hobetzeko konpromisoa berresten du, beti herriko klub, elkarte eta taldeekin elkarlanean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!