Udalak Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren maila gorena lortu du, erakundearen eguneroko jardunean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa hobetzeko egindako lanaren aitortza gisa. Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri honek erakunde publiko eta pribatuetan hizkuntza-kudeaketaren maila ebaluatzen du, eta kanpo-auditoretza baten bidez egiaztatzen da.
Bikain ziurtagiria eskuratzeak adierazten du Amasa-Villabonako Udalak euskararen normalizazioan urrats sendoak eman dituela: herritarren arreta, komunikazio instituzionala, lan-hizkuntza, barne-dokumentazioa, euskalgintzaren parte hartzea eta eguneroko hizkuntza-ohiturak planifikazio baten arabera hobetzen ari direla.
Udal Gobernuak nabarmendu du ziurtagiri hau ez dela helburu bat, euskararen aldeko konpromiso iraunkorraren beste pauso bat baizik. Era berean, azken hamarkadetan euskararen normalizazioaren alde lan egin duten alderdi ezberdinetako alkate eta zinegotziei, udal langile guztiei (bereziki Maite Arregi euskara teknikariari) eta prozesu honetan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie, egindako lan kolektiboari esker lortu baita aitortza hau.
Amasa-Villabonako Udalak lanean jarraituko du, Euskaran Ados! mahai ireki eta parte hartzailea sustatzeko, udaleko eguneroko jarduera guztietan euskararen erabilera bermatzeko eta herritar guztion eta bereziki euskaldunon hizkuntza-eskubideak errespetatzen dituen kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko.