Egoera txarrean zeuden hiru herri-bide asfaltatu ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2026ko urtarrilaren 20a

Guztira, 93.995 euroko inbertsioa egin du eta 2026. urtean ere bide publikoen asfaltatze lanekin jarraitzeko konpromisoa hartu du.

Udalak asfaltatze-lanak egin ditu egoera txarrean zeuden Amasako hiru herri-bidetan, baserrietara doazen bideen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko.
Batetik, Esolaga baserrira doan bidea asfaltatu du. Bidarte baserriko bidegurutzetik Esolaga baserriraino iristen den bideari galipotik ez zitzaion apenas geratzen (lokatza zegoen, izugarrizko zuloak zeuden eta zenbait tokitan harkaitza bistan zegoen). Kotxeak, zenbait tokitan, harrien gainetik ibili behar zuten eta galipota geratzen zen tarte askotan belarrak ateratzen hasita zeuden. Beraz, bide horrek zituen ezaugarriak direla eta (oso estua da eta asfaltatu aurretik bidea behar bezala berreskuratu eta berdindu behar zen) makinaria berezia erabili behar izan da. Asfaltos Urretxu, S.A. enpresak egin du lan hori, eta Udalak 48.313 euroko inbertsioa egin du.

Bestetik, Muñoki baserrira doan bidea, eta Igarategi baserria eta Marrubitza etxea lotzen dituen bidea ere asfaltatu dira. Arrakala batzuk zeuden bide publiko hauetan, desgaste handia zuten eta arazoak handitzen joan ez daitezen, birrasfaltatze lanak egitea erabaki du Udalak. Lan hauek Mularri, S.L. enpresak egin ditu, eta Udalaren inbertsioa 45.682 eurokoa izan da guztira.

Udalak herri-bideetan egindako asfaltatze lan hauen garrantzia azpimarratu nahi du, trafikoaren zirkulazio-baldintza hobeak bermatzeko eta kasu honetan Amasako baserri eremuetarako sarbidea eta irisgarritasuna errazteko balioko dutelako. Udalak 2026. urtean bide publikoen asfaltatze lanekin jarraitzeko konpromisoa hartu du eta egoera kaskarrean aurkitzen diren zenbait errepide konpondu eta asfaltatzeko aurrelanak abiatuko ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!