Amasako errepidea zabaldu eta espaloia eraikitzeko hitzarmena onartu dute Udalak eta Foru Aldundiak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2026ko maiatzaren 6a

2020. urtean hasitako negoziazioak emaitzak eman ditu, eta Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako sailak Amasa-Villabonarentzat funtsezkoa den proiektu hau finantzatzea lortu da.

Amasara igotzeko errepidearen baldintzek arrisku nabarmena suposatzen dute bai trafikoarentzat eta baita oinezkoentzat ere. Hori horrela, 2020ko otsailean Amasako bizilagun talde bat errepidea zabaltzeko eta oinezkoentzat espaloia eraikitzeko eskaera egin zion Udalari. 2020ko martxoan Udalbatzak eskaera horrekin bat egin, Adierazpena onartu, eta Aldundiari helarazi zion.

Urte hartako irailean hasi ziren Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko negoziaketak. Errepidea Aldundiaren jabetzakoa bada ere, Aldundiko arduradunek adierazi zuten proiektua ez zegoela beraien agendan. Udalak, ordea, blokeoa saihesteko, eta proiektuak aurrera egin zezan Ingelan arkitektura eta ingeniaritza enpresa kontratatu zuen aurre-proiektu bat egiteko (7.562 euro inbertsioa eginez).

2021. urtean Udalak aurre-proiektua entregatu eta kontuan hartzeko eskaera egin zion Aldundiari. Era berean, Udal ordezkariek eta Amasako bizilagunen ordezkaritza batek hainbat bilera egin zituzten Aldundiko ordezkariekin. Aldundiak ez zuen proiektuarekiko konpromiso argirik erakutsi eta espaloia egitea Udalaren ardura zela adierazi zuen.

Gauzak horrela, 2023ko otsailean Udalak aurrera urrats bat eman eta txosten tekniko bat kontratatu zuen. Helburua proiektuaren aurrekontua bitan banatzea zen; batetik espaloia egitearena, eta bestetik errepidea zabaltzearena.

Udala behin eta berriro proiektua Aldundiaren mahai gainean jartzen aritu ondoren, iazko uztailean ahozko akordio batera iritsi ziren (txostenean jasotako portzentaiak onartuz). Aldundiak adostasun hori Hitzarmen batean jasotzeko konpromisoa hartu zuen. Hitzarmena otsailean heldu zen Udalera eta dagoeneko onartu da bai Udalean eta baita Aldundiko Gobernu Kontseiluan ere.

Hitzarmenaren gako nagusiak:

Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoak:

  • Proiektuaren obra esleitu, kontratatu eta egitea.
  • Obra zuzendaritza teknikoa bere gain hartzea.
  • Obra osoaren %39,26a finantzatzea: 423.681,56 euro.
  • Obrak egiteko beharrezko lurzoruak lortzea (udal-titulartasunekoak izan ezik).


Udalaren konpromisoak:

  • Obra osoaren %60,74a finantzatzea: 655.486,95 euro.
  • Udalaren jabetzako lurzoruak Foru Aldundiaren esku uztea.
  • Obra amaitzean GI-3751 errepidea Udal titulartasunekoa i izatera pasako da.

Udalak bere poztasuna adierazten du lortutako akordioagatik, eta batez ere, akordio horri esker Amasa-Villabonarentzat oso garrantzitsua den proiektu hau errealitate bilakatuko delako. Udalak obra ahalik eta azkarren esleitu eta egin dadin lan egingo du, beti ere Aldundiarekin elkarlanean.

Ikusi plano orokorra

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!