Udala eta Euskal Fondoa elkarlanean, garapenerako nazioarteko proiektuak bultzatuz

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2026ko uztailaren 23a

Udalak 18.000 euro bideratuko ditu garapenerako nazioarteko proiektuak finantzatzera

Udalak eta Euskal Fondoak duten lankidetza hitzarmena berritzea aho batez onartu zen atzo arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzordean. Horrela, Udalak 18.000 euro bideratuko ditu garapenerako nazioarteko proiektuak finantzatzera, Euskal Fondoarekin elkarlanean.

2026ko Amasa-Villabonaren ekarpena bi proiektu hauetara bideratuko da:

  1. El Salvadorreko Segundo Montes komunitateko Meanguera barrutiko Soledad auzoan edateko ura sartzeko proiektuaren 2. fasea: 10.820 euro. Proiektu honen helburua Soledad kantoiko biztanleek edateko ura izatea da, kalitate eta kantitate baldintza egokietan. Horretarako ur-sistema berri bat eraikiko da, 132 familia kalitatezko edateko urez hornituz. Proiektu honekin 506 pertsonak ( % 57 emakumeak eta % 43 gizonak) edateko ura bermatuta edukiko dute eta beraien bizi-kalitatea nabarmenki hobetuko da.

  2. Mendebaldeko Saharan,  Garraio eta Energia Ministerioko zuzendaritza nagusien lana babestea: 5.410 euro. Egitasmo honekin, arlo humanitarioan Sahara eta Euskal Herriaren arteko elkartasunaren eraginkortasuna hobetu nahi da, giza eskubideen egoera eta urraketak behatuko dira, sentsibilizazio-jarduerak antolatuko dira, etab.

Horrez gain, Amasa-Villabonako Udalak Euskal Fondoaren urteko kuota ordainduko du, 1.769 eurokoa.

Elkartasun-harremanetan sakontzen
Honako lankidetza-hitzarmen hau onartuta, El Salvadorrekin eta Mendebaldeko Sahararekin dituen elkartasun-loturak sendotu nahi ditu Udalak. Amasa-Villabona senidetuta dagoen bi herrialde hauek,  gerra, zapalkuntza, okupazioa, giza eskubideen urraketak eta bizi-baldintza latzak jasaten ari dira. Udalak funtsezkotzat jotzen du nazioarteko elkartasun-politikekin eta garapenerako lankidetzarekin duen konpromisoari eustea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!