Santio jaiak: Udalaren lehen balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2026ko abuztuaren 5a

Santio jaiak igarota, Udalak bere lehen balorazioa argitaratu du. Santio Jai Batzordeak, bestalde, irailean egingo du balorazio-bilera.

Udalak Santio jaien lehen balorazio positiboa egin du.

Amaitu berri diren Santio jaiei lehen begirada bat ematerakoan, orokorrean jaietako ekintzetan izandako parte hartze handia eta Villabonako kaleetan nagusitu den jai-giro aparta azpimarratu nahi genituzke.

Eguraldia lagun, Santio Jai Batzordeak osatutako programako ia ekitaldi guztiak aurrera atera dira, nahiz eta San Inazio egunean euriak Villabona eta Hazparneren arteko 96. errebote partida historikoa zapuztu. Antolatutako ekintza guztien azterketa sakonagoa egiteko Jai Batzordeak balorazio bilera egingo du irailean, datorren urteko jaiei begira hobekuntzak proposatzeko helburuarekin. 

Bestalde, aipatzekoa da momentuz behintzat ez dela inolako indarkeria edo eraso matxistaren salaketarik izan. Zentzu horretan herriko mugimendu feministak egindako prebentzio lana txalotu nahi dugu. 

Tamalez, jaietako zenbait unetan istilu edo liskar isolatu batzuk egon dira, baina ez dute ondorio aipagarririk izan. Hala ere, orokorrean esan dezakegu aurtengo jaietan ere, jendearen artean errespetua, elkarbizitza eta enpatia gailendu direla gure kaleetan. 

Azkenik, Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu jaietako ekintzetan parte hartu dutenei, izan ditugun bisitariei (bereziki, Kataluniatik etorritako Palafrugell-eko erraldoi konpartsakoei), jaietan lanean aritu behar izan dutenei eta bereziki boluntario gisa ekintzak antolatzen edo laguntzen aritu diren herritar horiei guztiei. 

Beste behin, harrotasunez baieztatu dezakegu gure Santioak jai herrikoi eta parte hartzaileen eredu direla. Eskerrik asko Villabona!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!