2027ko Ordenantza Fiskalak onartu ditu Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala

Udal zerga eta tasek %3ko igoera orokorra izango dute, KPIaren azpitik.

2027. urterako Ordenantza Fiskalak behin-behinean onartu ziren atzoko Udalbatzaren ohiko osoko bilkuran EH Bilduren aldeko 8 botoekin eta EAJ-PNVren aurkako 3 botoekin. Oro har, eguneratzen diren udal zerga eta tasa gehienek %3ko igoera izango dute datorren urtean. Horrez gain, hainbat aldaketa espezifiko jaso dira, besteak beste, Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ) araudia eguneratzea, guraso bakarreko familientzako ere zerga hobariak ezartzea eta egonaldi turistikoen gaineko zerga berria ezartzea.

%3ko igoera orokorra
2027ko Ordenantza Fiskalen proposamenak %3ko igoera aplikatzen die eguneratzen diren zerga eta tasa gehienei. Esaterako, 9 zaldi fiskaletik beherako ibilgailuen gaineko zerga 35,77 eurotik 36,84 eurora igoko da, eta etxebizitza arruntetako hondakinen tasa 44,10 eurotik 45,42 eurora hiruhileko bakoitzeko. 

Hobari guztiak mantentzen dira, berri batzuk gehituz
Azken urteetan Udalak ezarri dituen hobariak bere horretan mantenduko dira eta familia ugariek, guraso bakarreko familiek, errenta maila bajua duten familiek, energia berriztagarrien instalazioek, auto elektrikoak erosten dituztenek etab. hobariak izango dituzte zerga eta tasa ezberdinetan.  

Hobarien zerrenda

OHZren araudia eguneratu eta hobari sozialak zabalduko dira
Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) Gipuzkoako Foru Aldundiaren 1/2026 Foru Arau berrira egokitu da. Horrela, ohiko etxebizitzarako %90eko hobaria izango dute familia ugariek, guraso bakarreko familiek, etxeko edo genero-indarkeriaren biktima den familia-burua duten familiek eta zaurgarritasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonek, betiere ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta etxebizitzaren katastro-balioa 300.000 eurotik gorakoa ez bada.

Egonaldi turistikoen gaineko zerga berrian, minimoa ezarri da
2027tik aurrera, Gipuzkoa osoan egonaldi turistikoen gaineko zerga berria aplikatu beharko da derrigor, Gipuzkoako 3/2026 Foru Arauak ezarritakoaren arabera. Amasa-Villabonan Foru Arau horrek ezartzen duen gutxieneko tipoa ezarriko da, jakina denez gurea ez delako herri turistikoa eta ohe eskaintza txikia dugulako. Zerga egonaldi-unitate bakoitzeko aplikatuko da eta ostatu motaren arabera 0,50 euro (Nekazaritza-turismoak) eta 4,50 euro (Erabilera turistikoko etxebizitzak) artekoa izango da.

Hondakinen tasa %3 igoko da
Hondakinen tasari dagokionez, egungo kategorien egitura mantenduko da eta %3ko igoera lineala aplikatuko da. Horrela, etxebizitza arruntaren tasa 45,42 eurokoa izango da hiruhileko bakoitzeko, eta autokonpostaren kasuan 29,94 eurokoa.

Beste aldaketa batzuk
2027ko Ordenantza Fiskalek kultura-ikastaroetarako tarifa berriak ere jasotzen dituzte. Era berean, Arratzaingo kiroldegia erabiltzeko aukera ere zabaldu da orduko 10 euroko tasaren truke. Amasako udal pilotalekua (argiak, aldagelak eta dutxak barne) erabiltzeko ere 10 euroko tasa ezarri da.

Atzoko behin betiko onarpenaren ondoren testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta 30 egunez egongo dira jendaurrean, herritarrek eta interesdunek alegazioak edo oharrak aurkezteko aukera izan dezaten. Ordenantza Fiskalen aldaketak 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!