Amasa-Villabona Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko prozesua abiatu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala

Honakoa Amasa-Villabonako Etxebizitza Planak jasotzen dituen ekintzetako bat da.

Udalak aurrera egiten jarraitzen du 2025eko ekainean  onartutako Etxebizitza Planaren garapenean. Orain, Etxebizitza Planeko 5. ekintza “Tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko eskaera egitea” jarri da martxan.

Horretarako, Udalak kanpo aholkularitza eta laguntza teknikoa kontratatu du, udalerri bat eremu tentsionatu gisa izendatzeko ezarrita dagoen prozedura juridiko-administratiboa aurrera eramateko. Zehazki EAEko hainbat udaletan gai hau lantzen esperientzia duen Gislan Geographic Aplications kooperatiba kontratatu da, 16.758,50 euro inbertituz. 

Udalak martxan jarri duen prozedura
Udalak Eusko Jaurlaritzari eskaera formala aurkeztu ahal izateko honako dokumentazioa aurkeztu behar du eta dagoeneko horretan ari da: 

  • Herriko etxebizitza-merkatuaren Diagnostikoa: Besteak beste, alor hauek aztertzen dira: Alokairuko eta salmentako prezioen bilakaera, etxebizitzen eskaintza eta eskaria, etxebizitzen eskuragarritasuna, herritarren errenta-maila eta etxebizitza eskuratzeko egiten den ahalegin ekonomikoa.
  • Justifikazio-memoria: EAEko Etxebizitza legearen 18. artikuluan ezartzen dituen bi baldintzetatik gutxienez bat betetzen dela frogatzen duen dokumentua.
  • Ekintza-plana: Udalak egoerari aurre egiteko hartu nahi dituen neurriak eta horien egutegia, hiru urteko eperako.

Eremu tentsionatua izateak zabaltzen dituen aukerak

  • Alokairuen prezioen kontrola: Kontratu berrien prezioak mugatzeko mekanismoak aktibatzen dira. Horrek aukera ematen du alokairuaren garestitzeari eusteko.
  • Etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko bitartekoak: Etxebizitza hutsen errolda eta diagnostikoa, alokairu sozialera edo eskuragarrira bideratzeko programak, birgaitze-lanetarako laguntzak edota jabeentzako berme eta bitartekaritza programak.
  • Etxebizitza publiko eta babestuen eskaintza handitzea
  • Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin lankidetza indartzea
  • Jaurlaritzarekin etxebizitza-plan espezifikoak garatzeko aukera: Inbertsio publikoen plangintza koordinatua, etxebizitza berriak sustatzeko jarduketak lehenestea etab.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!