Udalak aparkalekua egokitu du Legarretan, zubiaren alboan

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala

19 autorentzat aparkalekua asfaltatu eta margotu da, eta dagoeneko prest dago herritarren zein bisitarien erabilerarako.

Udalak Legarreta auzoan, SACEM-go zubiaren ondoan, aparkaleku berria asfaltatzeko eta margotzeko lanak egin ditu aste honetan. Horrela, Villabonako erdigunetik metro gutxira (zubiaren beste aldean) aparkaleku berri bat erabili ahal izango da. Datozen asteetan aparkalekuaren ingurua txukunduko da, ingurunea hobeto argiztatzeko argi-puntu berriak jarriko dira eta aparkalekuaren seinaleztapena ezarriko da.

Mularri S.L. enpresa arduratu da asfaltatze eta margoketa lanak egiteaz, eta Udalak 29.312 euroko inbertsioa egin du horretarako.

Udalak herriko espazio publikoak hobetzeko etengabeko lanean jarraitzen du, herritarren eguneroko beharrei erantzuteko. Kasu honetan aparkalekuen auzia neurri batean arintzea lortu nahi da, eta Udaletik aparkaleku hau eta alboan dagoena erabiltzeko gonbidapena egiten zaie Villabona erdigunera datozen bisitariei, eta adibidez, gertu dauden Oriamendi edo Errota auzoetako bizilagunei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!