Amasa-Villabona, Andoain eta Hernaniko udalek Hernani I-II parke eolikoaren proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiote

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala

Amasa-Villabona, Andoain eta Hernaniko udalek Hernani I-II parke eolikoaren proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiote, egitasmoak ingurumenaren, lurralde-antolamenduaren, azpiegituren eta ondarearen arloetan dituen eraginak kontuan hartuta.

Udalek argi dute energia berriztagarriak garatzea ezinbestekoa dela deskarbonizazioari eta trantsizio energetikoari aurre egiteko. Hala ere, garapen hori modu ordenatuan, demokratikoan eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritua egin behar da, lurraldearen ezaugarriak eta bertako herritarren iritziak kontuan hartuta. Horregatik, proiektu bakoitza bere ezaugarrien eta benetako eraginen arabera aztertu behar da.

Amasa-Villabonako udalak sustatzailearekin harremanak izaten eta akordio batera iristen saiatzeko ahalegina egin dute. Alabaina, ez da adostasunik lortu, eta enpresak aurkeztutako azken proiektuak gabezia nabarmenak izaten jarraitzen du. Horren aurrean, hiru udalek beharrezkotzat jo dute alegazioak aurkeztea.

Alegazioek, besteak beste, honako gai hauek azpimarratzen dituzte:

  • Ingurumen bermeak: proiektuak hegazti eta saguzarrengan izango lukeen eragina gehiegizkoa dela ondorioztatzeko zantzuak daude. Gainera proiektuaren eraginak hartzaile eta kokaleku zehatzen arabera ez dira behar bezala aztertu proiektuan.
  • Ebakuazio-azpiegituraren proportzionaltasuna: 9,98 MW-ko potentzia duen instalazio baterako aurreikusitako 11,5 kilometroko linea elektrikoaren beharra, trazadura eta konfigurazioa ez dira behar bezala justifikatzen.
  • Baliabide eolikoaren eta energia-ekoizpenaren azterketa: erabilitako eredu meteorologikoen sinesgarritasuna, kalkuluen ziurgabetasuna eta aurreikusitako ekoizpenaren oinarri teknikoek zalantzak sortzen dituzte.
  • Sarbide-bideak eta obra osagarriak: bideak egokitzeko eta zabaltzeko lanen definizio zehatzagoa eta horien ingurumen-inpaktuen ebaluazio osoagoa behar direla adierazi dute.
  • Ondare arkeologikoa: Aizmendiko tumulu-multzoaren berri eman dute; gutxienez 25 egitura tumular identifikatu dira bertan. Alegazio epean zehar udal-erregistroan aurkeztutako dokumentazioak eremu horren azterketa arkeologiko espezifikoa egitea eskatzen du, obrek balizko ondare horri kalterik eragin ez diezaioten.

Udalek, halaber, proiektuaren tramitazioan tokiko erakundeen eta herritarren ekarpenak hasieratik kontuan hartzearen garrantzia nabarmendu dute. Trantsizio energetikoak ezin du izan erabakiak goitik behera hartzeko prozesua; tokiko komunitateek parte hartzeko eta proiektuen baldintzak eztabaidatzeko aukera erreala izan behar dute.

Hiru udalek azpimarratu dute beren alegazioen helburua ez dela energia berriztagarrien garapena oztopatzea, baizik eta garapen hori plangintza egoki baten, gardentasunaren, parte-hartzearen eta ingurumen-bermeen bidez gauzatzea. Horretarako, administrazio eskudunei eskatu diete aurkeztutako alegazioak sakon aztertzeko eta proiektuaren ingurumen- eta gizarte-eragin guztiak behar bezala ebaluatzeko.

Trantsizio energetikoa beharrezkoa da, baina modu ordenatuan eta ingurumenarekiko errespetuz egin behar da.

 
«HERNANI I-II KLUSTER EOLIKOA» proiektuari alegazioak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!