"Herria oldartzen: lehengo lepotik burua"

Amasa-Villabonako EAJ-PNV Udal taldeko kideok aurreko asteko udalbatzan gertatutakoen harira hau adierazi nahi dugu.

Oso larria iruditzen zaigu Pleno Areto batean Tolosako Inauteritako gertakarei buruzko mozioaren eztabaidan eta eztabaidaren ondoren gertatutakoa. Zenbait herritarrek EAJ-PNVko zinegotziak iraindu gintuzten, Plenoko presidenteak (Alkateak) horren aurrean ezer egin ez zuelarik. Ez soilik isiltasuna ez eskatu, ez soilik errespetua ez eskatu, ez soilik aretoa uztea ez eskatu, baizik eta berrogeita hamar baino persona gehiagok osatzen zuten taldeak aretoa utzi zuen unean Alkate eta BIlduko 7 zinegotziek bere txaloak eskaini zizkioten.

2023ko ekainaren 17an bizikidetzaren alde egingo zuela agindu zuen pertsona bera sor eta gor gelditu zen zenbait pertsona 665 amasatar eta villabonatarren ordezkarien kontra ari ziren bitartean. Eta hori, adierazi bezala, oso larria da.

Guk, zegokigun lana egin genuen, hau da, gaiak aztertu eta gure ustez egokiak zirenen alde egin; izan ere aipatutako 3. puntuaz gain, beste gai batzuk ere izan ziren bilkuran. Honela, Gazan bortizkeria jasaten ari diren palestinarren alde egingo duen “Mundu bat” KGE ri 5000€ ematea ahalbideratuko duen kreditu aldaketa babestu genuen. Gure ekarpena izandako Amasa Kultur Etxean dagoen jatetxearen esleipen prozeduraren alde ere egin genuen eta, era berean, Martxoaren 8 rako EHbilduk aurkeztutako mozioaren puntuz puntuzko bozketan, horietako 3 babestu genituen. Beraz, EAJ-PNV ren zinegotzien jokaera eraikitzailea da eta herritarren alde egiten du zalantzarik gabe.

Hirugarren puntuan, gure ustez planteamendu guztiz desegokia zuen mozioari kontrako botoa eman genion bai. Baina, gai horretan hitza hartu zuen zinegotziak ongi adierazi zuen bezala, EAJ-PNVk elkartasuna adierazi zien -eta die- zauritutako mutilari eta haren familiako kideei, eta, aldi berean, jazotakoaren inguruko ikerketa lehenbailehen burutu dadila eskatu zuen. Bestelakorik esaten duena gezurretan ari da. Berriki publiko egin diren informazioen arabera, argi dago guk azaldu genuen ikerketaren beharra egokia zela eta, beraz, jaso genituen irainek ez zutela ez bururik ez hankarik. Senitartekoen amorrua ulergarria izan badaiteke ere, oso kezkagarria eta etsigarria iruditzen zaigu EH Bilduko arduradunek iraganeko jokabideak errepikatzea eta herri ordezkarien kontrako irain eta koakzioak horrela ahalbidetzea.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!