Abenduaren 3ko 2014/10 Irisgarritasunaren Legearen 5. 1 artikuluak honako hau xedatzen du: “Bide publikoak, parkeak eta erabilera publikoko gainerako espazioak pertsona guztientzat irisgarriak izateko moduak proiektatu, eraiki, zaharberritu, mantendu, erabili eta berrurbanizatu beharko dira”. Hori horrela, ordea, Amasa Villabonako hilerria ez da gaur egun pertsona guztientzat irisgarria, eta urteak dira egoera horretan dagoela.
Herritar batek baino gehiagok egoera salatu eta Udal gobernuari kanposantua irisgarri bihurtzeko proposamenak egin badizkio ere, 2024ko martxoan gurpildun aulkia erabiltzen duten pertsonak edota mugikortasun arazoak dituztenak ezin dira lasaitasunez bertaratu eta horrek pertsona horien eskubideak urratzen ditu.
Amasa Villabonako Udal gobernuak 15.000 euroko partida aurreikusi zuen 2024ko udal aurrekontuetan, gaur egun indarrean daudenetan, hilerriaren irisgarritasuna hobetzeko lanei ekiteko; baina ez oposizioko taldeko kideok, ez Amasa Villabonako herritarrek ez dakigu lan horien inguruko berririk: ez lanei ekiteko proiekturik egina ote dagoen, ez lanak noiz hasiko diren eta ez noiz izango den Amasa Villabonako hilerria irisgarria.
Horrekin batera, Amasan eta Villabonan mugikortasun ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkaleku plazen egoerak ere kezkatzen gaitu. Izan ere, plazak egon badaude ere, batzuk ez dira erabilgarriak eta horrek aipatutako legearen 8. artikuluak mugatutakoa urratzen du.
Honengatik guztiagatik, Amasa Villabonako EAJ-PNV Udal taldeak, honako hau eskatzen dio Udal Gobernuari:
- Ezagutaraz diezaiela bai Amasa Villabonako herritarrei, bai oposizioko taldeei Amasa Villabonako hilerria irisgarria egiteko duen proiektua eta proiektu horren ezaugarriak: lanak noiz hasiko diren eta noiz amaituko diren zehaztuz.
- Ezaugutaraz diezaiela bai Amasa Villabonako herritarrei, bai oposizioko taldeei Amasa Villabonako mugikortasun ezgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako plazen mapa. Mapa horretan zenbat plaza dauden zehazteaz gain, plaza horiek ezaugarriak ere zehaztea eskatzen dugu.