Pozez hartzen ditugu URA agentziak udalean erregistratu dituen txostenaren edukiak eta herri honekin berriro ere erakusten dituen konpromezuak. “Berriro” diogu, 2015ean amaitu zituztelako horren luzeak eta konplexuak izan ziren lanak, Zubimusuko zubiaren sekzio hidraulikoa handitzea posible eginez. Zubi hau zen Oria ibaiak herrian topatzen zuen oztopo nagusia, eta ezin ditugu ahaztu arkitektura ondare honetan lan egiteko sortu ziren trabak. Ez hori bakarrik, URA agentziak ibaiaren sekzioa zabaltzeko lanak aurrera eraman zituen, horma bertikal berria eraikiz.
Lan horiek guztiak amaitu ondoren, emaitza ezin izan da hobea izan. Herrigune osoan zabaltzen den uholde edo uholde arrisku orbana nabarmen murriztu da hari esker. T100 errepikatze periodoan egotetik T500 eremuan egotera igaro da herriaren zati nagusi bat.
Tamalez, URA agentziak berriro ere aipatzen digu, ez dela “zero arriskurik” existitzen. Ur goraldi handiak gertatzen jarraituko dutela, Amasa Villabonako herriak nahitaez jarraitu beharko duelako Oria ibaiarekin hartu-emanean. Hirigintza eta hidrologiaren arteko elkarbizitzanabarmen hobetu du eginiko lanak, URA agentziak posible egin duenak, ibaiarena zen eremu hori berriro ere ibaiari itzulita. Aldiz, aldaketa klimatikoa hizpide dugun garai hauetan, muturreko fenomeno metereologikoak – uholdeak eta euriteak- geroz eta maizago eta indartsuagoak izango dira. Beraz, berriro ere errepikatuko dira aurtengoak bezalako gertakariak.
URA agentziak bere txostenean dio arazoak konponbide zaila duela, ur laminaren kota Kale Berriako kotaren gainetik baitago. Dena den, prestutasuna adierazi dute, azterlan bat aurrera eramateko, eta eremu horretan 1,2 metroko itxitura-horma bat egitea aztertzeko. Hala izan bedi!
Dena den, Amasa Villabonako udalak baditu egitekoak. Alkatea beste inor baino lehenago atera da komunikabideetan besteei etxeko lanak burutzeko eskatuz. Lehenik medioetan, eta gero karta bidez formalki. Normalean alderantziz behar luke. Begira gauzak zer diren, agentziara karta modu formalean iritsi baino lehenago, komunikabideen bidez interpelatu zuen alkateak URAKO zuzendaria eta URAko zuzendariak berehala dei egin zion telefonoz, egun batzuren buruan Udalean bertan hitzordua egitea proposatuz.
Erakundeen arteko instituzioak honelakoxea behar luke izan:komunikazio zuzena, telefonoz ala idatziz, ez inoiz komunikabideetan, propaganda eginez. Eta errealitateak agerian utzi du beste behi ere nola egin behar den lana. URA agentzia etxeko lanak eginda etorri da Amasa Villabonara, txosten batekin eta lanerako konpromezu argiarekin. Bitartean, udalak badu zereginik. Besteak beste, udal sarearen azterketa egin beharra daukagu, baztertu ahal izateko udal hoditeriak gainezka egiten ote duen. Izan ere, hala balitz, alferrikakoa izango baita eustorma berria egitea. Gune honetan ditugun udal azpiegituren egoera eta haien funtzionamendua ezagutzea garrantzitsua bainoago funtsezkoa da.
Ez hori bakarrik, URA agentziak Amasa Villabonako udalari bidali dio Euskadiko herri gehienekin indarrean daukan elkarlanerako hitzarmen zirriborroa. Zertarako? Ibaien inguruko errestaurazio eta garbiketa modu eraginkorrean burutu ahal izateko: espezie inbaditzaileak kendu, garbiketa lanak egi, edota hondakinen bilketa zuzenean Udalak burutu ahal izateko… besteak beste. Tolosak edo Andoainek gisa honetako hitzarmenak indarrean dituzte. Ea Amasa Villabonak noiz. Udalak propaganda gutxiago egin eta gehiago busti beharko du, arazoa benetan konpondu nahi badu.