AMASAKO TABERNA: UDALAK URRATU DUEN BESTE KONPROMISO BAT

UDALAREN NAGIKERIAGATIK AMASAKO TABERNAK ITXITA JARRAITZEN DU.

Duela ia 20 urte, 2005 urtean, hain zuzen, ITURRIGOXO Kultur Etxea eta taberna jarri ziren martxan. Helburua argia zen, Amasari merezi duen zerbitzu kulturala, soziala eta ekonomikoa ematea, alegia. 2022 urte arte iraun zuen zabalik zentroak eta bera kudeatu duten lau maizterrek amasatarren bizitza kultural eta soziala sustatzen lagundu dute. Harik eta 2022ko irailaren 19an Kultur Etxea eta Taberna itxi ziren arte.

EAJk garrantzitsutzat bezain beharrezkotzat jo izan du beti ITURRIGOXO zentro sozialaren lanak eta, hori dela-eta, 2023ko irailean Ehbilduren gobernuari hiru proposamen ezberdin egin zizkion Kultur Etxea eta Taberna berriz martxan jar daitezen. Aho batez onartu zuen Udalbatzak guk aurkeztutako mozio hori eta guk ulertu genuen udal gobernuak bere egiten zuela Ehbilduko zinegotziek ere babestutako proposamen hori.

Usteak erdia ustel, ordea; eta gaur, irailak 19, Iturrigoxo itxi zela bi urte eta mozioa onartu zela urtebete betetzen direla, tabernak itxita jarraitzen du. Itxita jarraitzen du, nahiz eta taberna kudeatzen interesatutako jendea aurkeztu den, bai lizitazio epean, bai udaletxera proposamenak eginez.

Ez dugu ulertzen gai honekiko Beatriz Unzue eta Ehbilduren gobernua erakusten ari diren interes eta inplikazio eskasa; izan ere, ez diote buru belarri heldu amasatarrek behar duten zerbitzu garrantzitsu bati. Lehengo asteburuan, Txakolin eguna ospatu zenean, taberna itxita egon zen eta, ezer egin ezean, Amasako San Martinetan ere halaxe egongo da, itxita.

Guk ahal duguna egiten jarraituko dugu, une honetan Ehbilduko gobernuari eskatzen diogu Udal Batzarrak aho batez onartutakoari ekin diezaiola eta Iturrigoxo Taberna-Jatetxea eta Kultur Etxea lehenbailehen abian jar dadin ahaleginak egin ditzala. Amasarrek hori merezi dute, haiekiko errespetu kontua da-eta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!