GEZURRA HANKA MOTZ

Amasa Villabonan , EH Bilduk txipiroiarena egiten du: gezurren tinta zabaldu, kasu honetan herrian egin behar duena eta egiten ez duena ezkutatzeko

 Azkenaldi honetan EH BILDUk daraman politika egiteko modua gero eta antza gehiago du Alderdi Popularrak erabiltzen duenarekin. Gezurra eta zalantza astintzen duelako, helburu bakar batekin: EAJ/PNVren jarduna zikintzea. Eta politika egiteko modu hau egiten denean ezinbestekoak diren zerbitzuei begira, oso kezkagarria da, beldurra eragiten duelako, zer esanik ez Osasunaren kasuan.

EZ da egia EAJk Osasuna pribatizatzeko joera izan duenik inoiz. Aldiz, egungo gure osasun publikoaren izaera publikoan zerikusi haundia du EAJ-PNVk. Garai bateko Osakidetzaren zerbitzu kalitatea berreskuratu behar dela aipatzen da maiz. Ba EGIA dena da Euskal Osasun Sistema ehuntzeko, bai lehen eta baita orain, EAJ/PNVren papera ezinbestekoa izan dela eta izango dela (beste hainbat zerbitzuetan bezala).

Amasa-Villabonako EH BILDUk urtarrilaren 14ean argitaratutakoaren inguruan EAJ/PNVko kideok esan nahi dugu:

  • Adibide modura, Catalunyan osasun sistemak eragile pribatuekin daukan kontratazio maila % 24koa bada (aurrekontuaren ia laurdena), gurean ez da % 6ra iristen. EZ da pribatizazio joerarik egon ez da egongo ere EAJ/PNVren gogoan.
  • EZ dago inongo osasun zerbitzuen desmantelamenturik
  • Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarrak 2014an onartutako Kargu Publikoen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen Legeak ezarritako betekizun guztiak betetzen ditu. EZ dago ez ate birakaririk ez eta interesko harremanik.
  • Beharrezko egiaztapenak egin dira eta frogatuta dago kontratatu duen enpresa pribatuak EZ duela inolako kontratu-harremanik izan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, ezta laguntzarik edo diru-laguntzarik jaso ere. Beraz, kontratazioak legea errespetatzen du eta emandako bateragarritasun txostena aldekoa da. EZ dago EZ kausa EZ kasurik EZ eta zalantzarik.

Aldiz:

  • EAEn gizarte-gastua 4.079 eurokoa da biztanleko. Nafarroaren atzetik, gastu sozial gehien egiten duen erkidegoa gara.
  • Gipuzkoa, Europan ezberdintasun gutxien duten lurraldeen artean dago.
  • Osasunean dugun egiturazko plantila, inoiz izan den altuena da.
  • Nafarroa eta EAE dira, biztanleko erizain ratio altuena duena.
  • Osasun Inbertsioa etengabe handitzen doa, aurtengo aurrekontuan lehen aldiz 5.000 M €ko kopurua gaindituz.

Beraz, inork ez dezala zalantzarik izan: EAJ/PNVrentzako OSASUNA lehentasuna da eta eragozpenak gaindituz lan egiten jarraituko dugu herritar guztiok osasun publikoa eta kalitatezkoa izan dezagun. Eragozpenak badirelako, lehen arretan edo sufritzen dugun profesional faltarekin.

Dagoeneko badago egoeraren diagnostiko partekatua, zintzoa eta argia. Abiapuntu ona da lanean jarraitzeko. Bide hori modu egokian egiteko herri ituna adostea da, gure ustetan. Oposizioaren egitekoa da, gobernu jardunaren jarraipena egitea eta baita balorazio positiboak edo negatiboak egitea ere, baina horretarako gezurra erabiltzen duenak, iruzurra egiten du.

Osasuna gizartearen kezka nagusienetakoa delako, osasuna daukagun gauzarik garrantzitsuena delako eta gaur egun ditugun arazoak konpondu behar ditugulako, ezin dugu ulertu EH BILDUren erabilera maltzurra. Bereziki uste dugulako, hain oinarrizkoa den zerbitzu baten aurrean, batera aritu behar dugula lanean, herri ikuspegitik eta ez alderdi ikuspegitik, joku eta estrategia alderdikoiak alde batera utzita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!