Garrantzitsua da gauzak egitea, bai; baina hori bezain garrantzitsua da egiten den hori nola, norekin eta zertarako egiten den. Zerbaiti ekin aurretik, ezinbestekoa da honako galdera hauei erantzutea: nola sortu da ideia? Zer behar, arazo edo hobekuntza-proposameni erantzuten die? Aurrera eraman nahi den horrek jendearen ongizatearen alde egiten du? Interes orokorra bilatzen du egon litezkeen interes partikularren gainetik? Ekarpena egin nahi duenak nola joka dezake azken emaitzak gaitzespenik eragin ez eta herritar gehienek onar dezaten?
Amasa-Villabonako gobernu taldearen jokabidea aztertuta, ordea, ez dirudi EHbilduko gobernua horrela jokatzen ari denik; izan ere, aldez aurretik modu egokian landu ez diren erabakiak hartzen ari dira herrian, eta horien inguruan Beatriz Unanue alkateari edo Xabat Laborde alkateordeari galdetuz gero, erabakia “guztion artean” hartu dela adierazten badute ere, errealitateak ez du hori islatzen.
Horren adibide dira Udal Liburutegia eta ur txorro parkea. Lehenari dagokionez, udal gobernuak planteatu dituen konponbideek eta horien gauzatzeak ez dituzte Udal Liburutegiaren arazoak konpondu, ezta konponduko ere. Hasteko, dirua xahutu zuten dekoratzaile batek proiektu bat egin zezan. Egitasmo horrek Arkitekto eskolaren gaitzespen irmoa eragin zuen, habeetan eta egituran eragiten zuenez arkitekto batek diseinatu behar zuelako. Ondoren, arkitekto-talde bat kontratatu zuen EHbilduko gobernuak eta obra txikia zirudiena 1.000.000 euroko proiektu bilakatu zen. Beheko solairua liburutegirako aprobetxatu nahi du egitasmoak, baina ez dute igogailurik jarriko; herritar askok ezin izango dute Udal Liburutegia baliatu, beraz.
Ur-txorro parkea izan da EHbilduri bururatu zaion beste ideia bat. Amasa Villabonak dituen beste behar asko konpontzen saiatzeari muzin eginez, gobernuak herriaren erdian, Errebote Plazan, ur-txorroa egitea erabaki du; ez ditu kontuan hartu, ordea, horrek frontoian sortuko dituen ondorioak.
EHbilduk Amasa-Villabonan jokatzen duen bezala jokatzeak haserrea eta etsipena sortzen ditu herritarren artean eta politikaren prestigio galera dakar. Eta hori gertatzen ari da Beatriz Unzueren gobernua legealdi honetan norabide finkorik gabe ari delako, ez baitio aldez aurretik zehaztutako plangintzari jarraitzen. Izan ere, legegintzaren erdian egonik, oraindik ez dute 2023-2027 gobernu-planik. Seguraski horregatik ari da EHbilduko gobernua bere alderdiaren erabaki politikoei propaganda egiten, Amasa-Villabonako herritarren arazoak konpontzeko lanean aritu beharrean.