GEZURRAK BUZTANA LABUR

Duela zenbait egun Beatriz Unzue buru duen EHbilduko udal gobernuak 800.000 kreditu-aldaketa onartu du udal liburutegiaren berritze-lanak gauzatzeko. Proiektuak arazo ezberdinak baditu ere, besteak beste, oraindik udalak ez baitu aurrera ateratzeko behar duen URAK agentziaren baimena, biziki kezkatzen gaitu bera planteatzean, udal gobernuak erakutsi duen zehaztasun ekonomikoaren falta.

Aurrekontuetako datuen arabera, proiektuaren kostua 627.972 €koa izango zen. EAJ-PNVk berehala adierazi zuen aurreikuspena ez zela erreala, eta, tamalez, denborak arrazoia eman digu; izan ere, udal gobernuak ez zuen Balio Erantsiaren Zerga (BEZa) aintzat hartu, eta horretarako, hain zuzen, kreditu- aldaketa egin behar izan du, eta beste proiektuetarako beharrezkoa den dirua, agian egiterik egongo ez den liburutegiaren berriketarako bideratu.

Baina kontua ez da hor amaitu; 800.000 € horietan udal gobernuak altzariak erosteko kopururik ez du-eta aurreikusi. Beraz, altzariak erosteko diru-koupurua gehituta, proiektuak, ondo bidean, 1.000.000 € inguruko fakturazioa izango du.

Guztion dirua kudeatzen denean, oso zorrotz jokatu behar da, eta begi bistakoa da hori ez dela udal gobernuaren jokabidea izan. Gainera, ez zuen egia adierazi, ezta gure taldeak aurreikusitako kopurua eskasa zela adierazi zionean ere. Zer utziko du egin gabe udal gobernuak azkenean proiektu hau aurrera ateratzeko? Gezurrak buztana labur, baina itzal luzea duela agerian dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!