Gobernu arduratsuago baten beharra

Erabiltzailearen aurpegia Amasa Villabonako EAJ-PNV Udal Taldea 2026ko urtarrilaren 29a

Talde Jeltzaleak legegintzaldiaren erdian EH Bilduk egindako ez-betetzeak, exekuzio falta eta kudeaketa txarra salatu ditu.

Amasa-Villabonako legealdi erdiko balorazioa egin dugu, eta EH Bilduk udalerrian egindako kudeaketak kezka handia eragiten digu. Aurrerapen batzuk onartzen baditugu ere, 2019an hartutako konpromiso gehienak ez dira modu eraginkorrean bete, eta horrek ziurgabetasuna eta etsipena sortu ditu gure herrian.

Lehenik eta behin, nabarmendu nahi dugu EH Bilduk legealdi hasieran agindu zuen gobernu plana inoiz ez aurkezteak hasieratik utzi zuela norabide falta argia. Lehen urtean aurrekontuak handitu zituzten eta proiektu handiak iragarri zituzten, baina 2024aren amaieran inbertsioen eta programen %77,24 gauzatu gabe zeuden. Horrek argi uzten du ezin izan dutela bete publikoki iragarritakoa.

Komun publikoen kasua da adibiderik esanguratsuenetako bat. 2022rako aurreikusita zeuden hiru komun publikoak 2025ean amaitu dira, plangintza eskasaren ondorioz. Hiru urteko atzerapen hori ezinda onartu, are gutxiago zerbitzu horiek premiaz behar dituen herri batean.

Antzeko egoera bizi dugu Adinekoentzako Eguneko Zentroarekin. Lehenesten zen proiektuetako bat zela iragarri bazen ere, ez dago martxan, eta horrek EH Bilduren konpromisoen zehaztasun falta erakusten du.

Kiroldegiaren inguruan ere, urteak daramatzagu geldirik. 2022ko martxotik lizitaziorik gabe dago, eta horrek 1.500.000 euroko galera ekarri dio Udalari. Gure herritarrek kirol instalazio duinak behar dituzte, baina gobernuak ez du gai izan urrats erabakigarriak emateko.

AmasaMendingo BTT pista ere adibide garbia da adostasun faltaz eta plangintza eskasaz. Guk sektore guztien arteko akordioa bilatzen zuen proposamena aurkeztu genuen, baina EH Bilduk alde bakarreko proiektu bat bultzatu du, ezadostasunak eta tentsioak sortuz. Gipuzkoako Foru Aldundiak adostasuna eskatu du, baina ez da horretan aurrerapausorik egin.

Finantza egoerak ere kezka sortzen digu. Legegintzaldiaren hasieran, Udalak 4.500.000 euroko gerakina zuen; gaur egun, asko jaitsi delarik (urte amaierarekin edukiko ditugu zenbaki zehatzak). Horrek EH Bilduren kudeaketa ez dela eraginkorra izan erakusten du: gastu arruntean oinarritu dira , eta ez dute behar bezala planifikatu herriak behar dituen inbertsioak.

Aurrekontuak prestatzerakoan ere arazo larria antzeman dugu. Aurreko urteetako aurrezkietan oinarritutako aurrekontu errealistak aurkeztu dituzte, baina etorkizunerako ikuspegi argirik gabe. Horrek aukera gutxi uzten du benetan eraldatzaileak diren proiektuetan inbertitzeko.

Hori guztia ikusita, argi dugu EH Bilduren kudeaketak ez-betetze sistematikoak, exekuzio falta eta plangintza eskasak izan dituela ardatz. Titular ikusgarriak eta promesak izan dira nagusi; gauzatze falta, ordea, errealitatea.

Guk argi daukagu: lanean jarraituko dugu Amasa-Villabonak benetan aurrera egin dezan. Proiektu zehatzak defendatuko ditugu, herriaren beharrei erantzuten dieten proposamenak aurkeztuko ditugu eta egonkortasuna, lidergoa eta anbizioa ekarriko dituen gobernantza eredua aldarrikatuko dugu. Gure herriak etorkizun sendoa behar du, eta horretarako lan egiteko prest gaude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!