Amasa eta Villabona artean oinezkoentzako ibilbide berri bat egiteko eta GI-3751 errepidea zabaltzeko proiektua ere onartu da, Villabonako N-I errepidearen irteera-adarrean. Helburua bide-segurtasuna eta bi guneen arteko komunikazioa hobetzea da. Proiektuarekin batera, hitzarmen bat sinatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak Amasa-Villabonako Udalarekin.
Gaur egun, Amasara igotzeko errepideak zabalera txikia du, eta ia ez du oinezkoentzako lekurik uzten. Horrek zaildu egiten du ibilgailuak zirkulatzea eta oinez seguru mugitzea. Obrei esker, oinezkoentzako espaloi segurua, jarraitua eta argiztatua eraikiko da, Amasara igotzeko errepidearen paraleloan, Iberdrolaren azpiestazioraino, eta galtzada bera ere zabalduko da.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.079.168,51 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko aurreikusitako epea 10 hilabetekoa da. Finantzaketa bi erakundeek partekatuko dute: Villabonako Udalak kostuaren % 60,74 hartuko du bere gain (655.486,95 euro), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, gainerako % 39,26 (423.681,56 euro). Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Saila arduratuko da obrak gauzatzeaz, eta, lanak amaitutakoan, errepidea udal-titulartasunekoa izango da.
Era berean, jarduketari esker, telekomunikazio-kanalizazio berriak ezarri eta gas naturala banatzeko sarea hobetu ahal izango da. Aurreikuspenen arabera, obrak aurten bertan lizitatu eta hurrengoan egingo dira.
N-I errepidearen lotune horretan bertan, Foru Aldundia jarduketa osagarri bat egiten ari da Amasarako errepidearen hasieran (GI-3751). Bertan, oinezkoentzako espaloi bat eraikitzen ari dira, 2 metroko zabalerakoa. Obra hori aurreratuta dago, eta maiatzaren amaierarako amaitzea aurreikusten da