AMASA-VILLABONAKO EH-BILDUREN GEZURRAK SALATUZ

Erabiltzailearen aurpegia Amasa Villabonako EAJ-PNV Udal Taldea 2026ko maiatzaren 6a

Amasa-Villabonako EAJtik, Amasa-Villabonako EH-BILDUk, maiatzaren 4an egindako baieztapenak ezeztatu nahi ditugu eta kontua argitu.

EH-BILDUk ondo dakien bezala, Amasa Villabonako idazkari titularrak 2014ean hartu zuen erretiroa. Horren ostean, bitarteko idazkari bat izan zen udalean 2020an postuari UKO egin zion arte. 2020. urtetik gaur arte, Amasa Villabonak BITARTEKO beste LAU IDAZKARI izan ditu, eta denek UKO EGIN DIOTE postuari.

Hori gutxi balitz bezala, Gaikuntza Nazionaleko Funtzionarioen egonkortze prozesuaren baitan, Amasa Villabonako udal idazkari lanpostua egonkortzeko prozesua abiatu zen, eta hura amaitutakoan, gainditu zuten hautagai guztietatik batek berak ere ez zuen Amasa Villabonako plaza hartu nahi izan. Hortaz, ezin zaie Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari egotzi inork postua hartu nahi ez izana. Jakina, Udal Gobernuak ere baloratu beharko du zer gertatzen ari den.

Hori horrela, onartezina da EH Bilduk udal jarduna boikoteatzeko intentzio politikoa dagoela adieraztea, EH Bildu agintean dagoen beste udalerri askotan bete baitira idazkari postuak. Besteak beste, duela hilabete eskas, Mendaron idazkari-kontuhartzaile lan-poltsa bat sortu zen. Lan-poltsa horretatik, 10 udalerrik lortu dute hutsunea betetzea. Aldiz, inork ez du Amasa Villabonara etorri nahi izan.

Denok jakitun gara idazkari, kontu-hartzaile eta diruzaintzako funtzionarioen estaldura bermatzeko arazo handiak daudela, martxan jarritako prozesu eta lan-poltsen aurkako errekurtsoak etengabeak izan direlako. Eta horren aurrean, Euskal erakundeak, elkarlanean, egoerari irtenbidea emateko lanean ari dira eta lan-poltsak eratzeko prozesua martxan da. Horren ondorioz, Gipuzkoan, idazkari, kontu-hartzaile eta diruzaintza lanpostu gehienak betetzea lortu da, eta denak beteta egon arte lanean jarraituko dute, erakunde guztiek, bai Eusko Jaurlaritzak, baita Foru Aldundiak ere.

Bestalde, argi dago urte hauetan guztietan Amasa Villabonako idazkaritza postua hutsik egon izan balitz, ezinezkoa izango zela proiekturik aurrera eramatea, ezta bat ere. Salaketan, aldiz, hauxe diote: “iazkoa 2010etik inbertsio gehien egindako urtea izatea lortu dugu (…), gure etorkizunerako proiektu garrantzitsuak martxan jarriz”. Sekulako kontraesana beraz.

Horregatik, Amasa-Villabonako EH-BILDUri seriotasuna exijitzen diogu, baita erakundeekiko gutxieneko leialtasuna eta herritarrekiko errespetua.

Une honetan Villabonak duen idazkari faltari aurre egiteko, bai Jaurlaritzak, bai Aldundiak Villabonako udalari eskaini diote prozesu propio bat egitea, eta horretarako beharrezkoa duten laguntza ematea. Udalak zer erantzun du?

Norena da, beraz, erantzukizuna?

Amasa-Villabonako EAJtik zintzotasunez jokatzea eskatzen dugu, hau da, herritarrak engainatu gabe. Madrilen egiten den politika eredua kritikatzen dugu guztiok, baina, antza, EH-BILDUren gustukoa da. Espero dugu horrelakorik ez errepikatzea, horrelako jokabideek ez diotelako inori mesederik egiten, are eta gutxiago herritarrei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!