Hiru urte pasa dira Israelek, jasandako erasoa aitzakitzat hartuta, herri palestinarraren kontra, aspaldi hasitako genozidioa indartu zuenetik.
Su-eten faltsua indarrean sartu zenetik ere, urtebete igaro da. Israelek bake akordioa sistematikoki urratzen du. Azken urte honetan 1400 gazatar baino gehiago hil ditu, horietatik 300 haurrak. Gosea gerrarako arma gisa erabiltzen jarraitzen du.
Akordioan, laguntza humanitarioko 600 kamioiri egunero pasatzen uzteko konpromisoa hartu arren, gaur egun, 70 eta 85 kamioi sartzen ari dira, batez beste.
Osasun- eta saneamendu-ekipoek funtzionatzeko behar dituzten materialen falta eta elikagaien eskasia direla eta, Zerrenda kolapso egoeran dago. Kutsatutako akuiferoak, hondakin-uren tratamendurik ezak eta zaborrik ez biltzeak, intsektuak edo arratoiak ugaritzen diren ingurune osasungaitza sortzen dute. Beherakoak, larruazaleko edo arnasketako gaixotasunak gero eta gehiago dira.
Israelgo armadak lerro horia itsasorantz mugitzen jarraitzen du. Gaur egun, gazatarrak Zerrendaren lurraldearen % 35ean kontzentratzen dira. Desplazamendu horien ondorioz, etxeen % 65 kanpadendak edo, plastiko, txapa edo hondakinen azpiko babeslekuak dira.
Israelek Palestinako herria suntsitzeko duen planaren barruan, Gaza ez ezik, Zisjordania ere badago. Hemen egoera gero eta zailagoa da.
Alde batetik, Israelgo Gobernua, segurtasun arrazoiak argudiatuz edo legeak bere interesen arabera aldatuz, biztanleria palestinarra bere herrixkak uztera behartzen ari da.
Bestalde, 2023tik aurrera, kolono israeldarren erasoak areagotu egin dira. Erasoen helburua lurrak jabetzea eta palestinarrak lekuz aldatzea da.
Une honetan, oliba uzta betean, kolonoek palestinar nekazarien aurkako eraso bortitzak nola egiten dituzten ikusten ari gara, uzta biltzea galaraziz.
Erasoak zigorgabetasun osoz egiten dira, Israelgo armadaren begiradapean.
Urriak 24, larunbata
Egoera hau salatzeko eta palestinar herriari gure babesa eta elkartasuna adierazteko asmoz, urriaren 24an "Eutsi Palestina!" lelopean hurrengo egitaraua antolatu dugu:
- 17:00 Murala kolaboratiboa.
- 17:00 Umeentzako tailerra.
- 17:30 Bertsoak (Punttuka bertso eskola)
- 18:00 Kata-kola.
- 18:30 Kontzertuak: Aire Eire eta Aidüru.
Arratsalde osoan, taloak. Animatu eta hurbildu zaitez!!!!! Estatu sionistaren aurrean, antolakuntza eta boikota!!!