Guraso eta zenbait irakasleren artean 20 lagun bildu ginen, eta bertaratutakoak oso gustora aditu genituen Acasusoren azalpenak.Berak adierazi bezala, arazorik handiena bilaketan datza. Izan ere, ez dago euskararzko aplikazioak biltzen dituen sare bilgune amankomunik; garatzaile bakoitzak bere produktuak egiten ditu eta sarean zehar barreiatuta daude, eta kuxkuxean ibili beharra dago hauek bilatzeko. Produktu berriak eta berritzaileak egon badaude, baina zailena hauen berri izatea da. Azkue Fundazioak lan txukuna egin du honi dagokionez, txosten eguneratua osatu baitu egungo aplikazio interesgarriak biltzen dituena.
Hitzaldiaren aurretik, ordea, BIDAIDE egitasmoaren berri eman zuen Andoaingo AEK-ko ordezkariak. Zer da, bada, BIDAIDE?
Laburrean esateko, gurasoek eta haurrek elkarrekin euskaraz jolasteko aukera eskaini nahi du programa honek. Hainbat helburu ditu: guraso eta haurren artean euskararen erabilera sustatzea, aisialdirako aukera eskaini eta ondo pasatzea, eta harreman sare berriak osatzea. Urtean zehar hainbat ekintza egingo dituzte. Interesa duenak Andoaingo udalera eta euskaltegira jo dezake informazioa osatzera.