Elia Viviani da Vueltako esprinter onena. Bazen, Madrileko etapa jokatu baino lehen, eta bada, ziurtasun handiagoarekin, Madrilen bere 3. etapa irabazi eta gero. Lehen biak bere taldekideek egindako 'treno' bikainari esker irabazi zituelako, baina atzo bere kasa moldatuta nagusitu zen. Izan ere, esprint bideratzaile eta morroiak muga-mugan iritsi dira fisikoki Madrilera, eta horrek Quick Step-en trenak bere indarra galtzea eragin zuen Castellana pasealekuko esprintean.
Kaosean, baina, tokia bilatu eta azken 100 metro ikaragarri egitea lortu zuen italiarrak. Eta berriro nahi eta ezin utzi Peter Sagan handia, bigarren postuan laugarrenez Vuelta honetan. Nizzolok ere beste podium bat lortu zuen, baina jakina, esprinter batentzat podiuma hutsaren hurrengoa da.
Sailkapen nagusian, noski, ez zen aldaketarik egon, eta Simon Yates-ek eskuratu du Vuelta. 2008an gertatu zen, azkenekoz, atzo errepikatutakoa: herrialde bereko txirrindulari ezberdinek egutegiko hiru itzuli handiak irabazi izana. Urte hartan Contadorrek Giroa eta Vuelta irabazi zituen, eta Carlos Sastrek Tourra. 10 urte geroago, hiru ingelesek irabazi dituzte hiru handiak, eta historian lehen aldiz, hiru ziklista ezberdinekin: Froomek Giroa, Thomas-ek Tourra eta Simon Yates-ek Vuelta. Enric Mas eta Miguel Angel Lopez izan zituen lagun podiumean Yates-ek. Mendiko sailkapena Thomas De Gendt zaldiarentzat izan da, maillot berdea Valverderentzat, eta talde onena, Movistar.
Munduko txapelketak hartuko du txanda orain, hurrengo igandetik aurrera (Innsbruck, Austria).