97 kilometro nahiko izan daitezke ikuskizun handiaz gozatzeko. Tartean osagai egokiak jarri behar, Andorrako dozena erdi mendate, adibidez. Etapa hasi eta berehala sua piztu zen. Aurrena Thomas De Gendt-en ahalegina, ihesaldian sartu eta mendiko maillota ziurtatzeko. Ondoren Movistarren eta Astanaren ahalegina, ihesaldian kideak sartu, eta Quintana-Valverde bikoa eta Superman Lopezen erasoen baitan, zubi lana egiteko. Baina Mitcheltonek saiakera guzti horiek ezeztatu zituen, Simon Yates liderraren taldekideen lan bikainari esker, batez ere Adam liderraren anaiarena.
Lopezek jo zuen urrunetik, Comellan, eta Quintana batu zitzaion. Tximista bezala, Yates liderra eta Enric Mas gaztea etorri ziren atzetik, eta laurek atzean utzi zituzten beste guztiak. Azken mendatean, La Gallinan, Quintana atzean geratu zen Valverde laguntzeko, baina Murtziakoa oso justu iritsi da Vuelta hondarrera, eta pott egin zuen, podiuma galtzeraino. Kruswijk berak ere Lotto-Jumbok itzuli handietako azken astean duen zorte txar, edo indar falta berretsi zuen, eta podiuma galdu zuen segundo apur batzugatik.
Etapako jokoan, Yates-ek bidea egiten utzi zien eguneko bi txirrindulari indartsuenei: Mas eta Lopez. Biek nahi zuten etapa garaipena, behin podiuma ziurtatua zutela jakitun, eta Mas gaztea izan zen azkarrena. Yates-ek itzuli handi bat irabazi, eta lasai ospatu ahal izan zuen, azkenean.
Vuelta gaur bukatuko da Madrilen, probako txapeldunei omenaldia egiteko egunean. 100 kilometro eskas, eta jakina, batere zailtasunik ez!