Vueltako etapa politena jokatu da Bizkaian; oilarren artean alde handienak eragin dituena, jende gehien bildu duena, eta emozio handiena izan duena. Espero bezala, ihesaldi batek eduki zuen arrakasta, eta berriro, maila handiko ihesaldia: Nibali, Teuns, De Marchi, Omar Fraile, Woods garailea, Mollema, De Gendt... 8 minuturaino handitu zuten zuloa, Euskadi-Murias lanean hasi zen arte (Lan bikaina egin zuen Mikel Iturria urnietarrak 20 bat kilometrotan). Aldeak murriztu, beste talderen batek amua irentsi zezan, hori zen helburua. Lortu zuten, zeharka, Atanak hartu baitzien txanda. Berandu, baina, etapa dagoeneko ihesaldiko lagunen artean erabaki baitzen.
Oizko horman gora, De la Cruz, Woods, Teuns eta Majka aurreratu ziren. De la Cruzek zeukan aurpegi onena, baina Woodsek irabazi zuen. Ikaragarri sufrituta, %20ko pendizetan metroak oso pixkanaka egiten direlako. Woods-ek Teuns-an arnas estua sentitu zuen helmugako marratik 50 metrora, eta muga-mugan iritsi zen.
Tropelean, azkar geratu zen atzean Quintana, eta bere sasoi puntu onenetik urrun dagoela erakutsi behingoz. Valverderen erritmo aldaketak egin zuen lehen galbahea. Kruswijk atzean geratu zen, eta Lopez ere larri zihoan. Murtziakoak beste kolpe bat eman zuen 500 metrora, eta orduan bai, orduan Yates atzeratu zuen. 8 segundo baino ez, helmugan, baina buruko indarraz-eta Yates baino sendoago ekingo dio Andorrako bi etapa gaiztoei. Enric Mas-ek ere lan bikaina egin zuen, eta hirugarren kokatu da sailkapen nagusian.
Bihar Ejea de los Caballeros eta Lleida arteko etapa osatuko da. Erabat laua, 187 kilometrokoa. Esprintean erabaki beharko litzateke, baina litekeena da ipar gorria azaldu, eta haize-babesak eragitea.