Simon Yates-ek kolpea eman du mahai gainean, eta bere lidergoa sendotu, Valverde, Quintana eta Lopezekin zeukan buruz buruko borroka horretan azkarrena izan zen, baina momentuz ez du lasai egoteko moduko errentarik lortu. Valverderi 8 segundo bakarrik sartu zizkiolako, 42 Quintanari, eta 51 Lopezi. Steven Kruswijk eta Enric Mas Yates baino finago ibili ziren, eta horri esker, sailkapen nagusiko hirugarren eta bosgarren postuak berreskuratu dituzte, hurrenez hurren.
Beste borroka batean sartu ziren Rohan Dennis, Campenaerts edo Castroviejo getxoztarra. Hizpiderik apenas eman zuen dema izan zen, Dennis australiarrak sekulako erakustaldia eman eta oso garaiz utzi zuelako erabakita erlojupekoa. 50 segundoko errenta atera zioen Roskopff eta Castroviejori, eguneko podiuma osatu zuten beste bi txirrindulariei.
Nagusia oso-oso itxia geratu da, eta geratzen diren lau etapetan sekulako borroka espero da. Yates-ek 33 segundo kentzen dizkio Valverderi; 52 Kruswijk-i, 1.15 Quintanari, eta 1.34 Superman Lopezi. Biharko, ostiraleko eta larunbateko etapak geratzen diren indar apurrak erre eta sailkapena hankaz gora jartzeko modukoak dira, baina indarrik ba ote dago, horretarako?
Biharko etapa Euskal Herriko lurretan korrituko da erabat. Getxon hasiko da, eta Oiz mendi gainean bukatu, Bizkaian barrena 157 kilometro. Sei mendate daude, denera: hirugarren mailako lau, bigarren mailako beste bat, eta Oizko bukaera: 7.3 kilometro, %9.7ko batez besteko pendizarekin, baina hainbat tarte %15 eta %20tik gora.