Simon Yates-ek etapa eta lidergoa lortu ditu, Movistarko liderrak aho bete hortz utzita

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2018ko ira. 8a, 02:00

Quintanak Vuelta osoan zeukan aukera onenetakoa utzi du pasatzen aldeak lortzeko, bere taldeak etapako zati handi batean lana beltz egin ondoren.
 

Hamaika aldiz ikusi dugu, dagoeneko, baina esan eta egin, gauza ezberdinak dira, Movistarrek kritikatu egin du sarri Mitcheltonen jarduna, liderra edukita ere ez dutelako tiratzen. Mitcheltonek Movistar-i lasterketak nola kudeatu erakutsi zion berriro, lanik egin gabe, taldea zigortu gabe, etapa eta lidergoa lortuz. Yates-ek pazientzia handiarekin jokatu zuen Les Praeres horma gaiztoan. Kruswijk, Valverde eta Quintanaren erasoekin odol hotz mantendu, eta eraso erabakigarria jo zuen helmugatik 700 metrora, garaipen handia lortzeko.

Atzetik helmugaratu ziren Valverde, nekatuta, Lopez eta Quintana, zakurra eta katua bezala, elkarrik kontuak eskatzen, eta beste faboritoak. Denetan kaltetuena izan zen Ion Izagirre, 37 segundo galduta. Ulertzen zaila, Bahrein taldeak azken 50 kilometroetan lan handia egin zuelako, helburua zein zen argi ez badago ere. Tropela txikitzen saiatu zen Mozqueta mendatean, baina 30 lagun geratu ziren aurrean, eta hala ere egurrean jarraitu zuen. Bistan da, saririk ez lortzeko.

Michal Kwiatkowski izan zen eguneko protagonista. Klasea oparitzeko lain baitu poloniarrak. Sei laguneko ihesaldian indartsuena, bakarrik geratu zen azken aurreko mendatean, baina Bahrein-en egoskorkeriak etapa garaipen mitikoa lortu ezinik geratzea ekarri zuen. Bihar Covadongako Aintziretan bukatuko da etapa, 178 kilometroko bidearen ondoren. Mirador del Fito lehen mailakoa igoko dute bitan, eta Covadonga gaiztoa, ondoren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!