Oscar Rodriguez nafarrak Euskadi-Murias taldearen etorkizunean aro berri bat ireki dezakeen garaipena eman dio Euskadi-Murias taldeari Espainiako Vueltan. Inork espero ez zuenean, eta ondoan World Tour-eko izar distiratsu asko eduki arren. Burlatakoak ezustekoa eman zuen, eta La Camperona bere martxan igota, buruan zihoazen Majka eta Teuns harrapatu, gainditu, eta bakarrik helmugaratu zen. Zalantzarik ez, prestigio handiko garaipena da, eta Euskadi-Murias taldea nazioarteko komunikabideen erakusleihoan jartzen duena. World Tour lasterketa batean lortzen duen lehen garaipena du Jon Odriozolaren taldeak.
Espero bezala, ihesaldi luze bat sortu zen etapa hasi eta berehala. 32 lagun batu ziren buruan, eta han sartu ziren Majka, Teuns, Mollema, De Gendt, Gorka Izagirre, De Plus... maila handiko lagunak. 9 minutura arte luzatu zuten errenta, baina tropelean Movistar eta Astana taldeek lana egin zuten, ihesaldia kontrolpean mantentzeko, eta hiru minutu eskasekin iritsi ziren helmugara ihesaldikoak.
Bihar Asturias-Leon aldeko bigarren mendiko etapa jokatuko da, Vueltako gaiztoenetakoa adituen ustez. 171 kilometro Cistierna eta Les Praeres-Nava artean. Bidean, 3. mailako mendate bat, 2. mailako beste bat, eta 1. mailako beste hiru. Azkena, Les Praeres, horma ikusgarria: 4 km. eta %12.5eko batez besteko pendiza.