Gerra psikologikoa hasi da Vueltan. Atzo, Movistar-ek kilometro asko egin zituen tropel buruan Thibaut Pinotek minutu pare bateko errenta lor ez zezan. Etapa bukatuta, Valverdek Simon Yates liderraren Michelton taldeak lanik egin ez izana kritikatu zuen. Gaur, atzoko gidoi bera errepikatu da: 18 lagun ihesean, eta Jesus Herrada liderrarengandik 5 minutu pasatxora. Movistarrek ez du lanik egin nahi izan, eta Mitcheltonek hartu behar izan du ardura, baina sobera nekatu gabe, aurreko taldeak zailtasunik gabe mantendu baitu 10 minututik gorako errenta.
Zuk tira, nik begira, Cofidiseko Jesus Herradak hartu du maillot gorria. Hiru minutuko errentarekin, dena den, jai dauka. Nibali, De Gendt, Brambilla, Geniez, Padun, Teuns, Campenaerts, Formolo... indar handiko zaldiak batu ziren ihesaldian. 18 aurrena, 8 indartsuenak ondoren. 6 azken 5 kilometroetan. Eta pronostiko guztien kontra, azkarrena Geniez, Ag2Rko frantziarra, Van Baarle eta Padunen aurretik. Tropela 10 minutu pasatxora helmugaratu zen.
Bihar mendiko hiru etapetan lehena jokatuko da, Candas eta La Camperona artean. 174 kilometro, 3. mailako mendate bat, eta lehen mailako beste bi, azkena helmuga. Ikusi egin behar ihesaldiak arrakasta duen, edota oilarrak egurrean hasten diren euren artean behingoz.