Orain arteko etapa gogorrena jokatu zen Vueltan, Galiziako lur bihurrietan. 207 kilometro eta arnasa hartzeko tarterik txikiena ere ez. 105. kilometroan egin zen eguneko ihesaldia, dozenaka ahalegin antzuren ostean. Eta egin zenean, izen handiko txirrindulariak sartu ziren, nola ez: De Marchi, Teuns, Pinot, Mollema... eta Bizkarra, Euskadi-Murias taldeko mañariarra. 4 minutu pasa lortu zituzten eta alarma gorria piztu zen tropelean, Pinot 2.30ra baitzegoen. Movistar hasi zen lanean, eta kontrolpean mantendu zuen arriskua.
Pinot bera zen taldeko indartsuena, baina trakets jokatu zuen taktikoki, hartu behar ez zituen ardurak hartzen, eta hustu behar ez zuenean hustuz. Bukaeran dozena bat segundo bakarrik atera zizkion tropel nagusiari. Mugimendu askoren ostean, De Marchik eta Restrepok asmatu zuten erasoa jotzen, 32 kilometrora. De Marchi indartsuago zihoan, eta helmuga aurreko azken aldapan Restrepo kolonbiarra atzeratu zuen. Iturria ordu erdi pasara helmugaratu zen, erorikoaren eraginez.
Bihar 12. etapa jokatuko da, Mondoñedo eta Estaca de Bares artean. Galiziako errepide gorabeheratsuetan berriro, 181 kilometrotan.