Batzuetan Viviani, eta besteetan Valverde, nahi eta ezin ari da Peter Sagan eslovakiarra. Munduko txapeldun hirukoitza mimo handiz ari da Innsbruckeko Munduko Txapelketa prestatzen, eta zalantzarik ez, Vueltako garaipen batek asko lagunduko lioke konfiantza irabazten. Baina ez du lortzen, eta egunak aurrera doaz. Osteguneko etapa izan daiteke, azken aukera, Bora taldekoarentzat.
Vivianik nahierara irabazi zuen, taldekideen lan bikainari esker. Bere bigarren etapa garaipena azaltzerakoan (denboraldiko 17., dagoeneko), Fabio Sabatini eta Michael Morkov bideratzaileek egin zioten lan bikaina eskertu zuen Veronakoak. Sagan 2. sailkatu zen, baina Vivianik erraz irabazi zion; ez zuen gurpila sartzeko aukerarik ere izan. Nizzolo sailkatu zen hirugarren.
Machado eta Ezquerra izan ziren eguneko protagonistak, zulatuekin batera. Yates, Quintana, Kelderman... oilar askok zulatu zuten. Gaur 11. etapa jokatuko da, Mombuey eta Ribeira Sacra-Luintra artean. 207 kilometro gorabeheratsu Zamora eta Ourenseko lurretan. Tartean, 3. mailako hiru mendate (azkena helmugatik 18 kilometrora), eta 2. mailako beste bat. Ihesaldiak arrakasta izateko ibilbide ezin hobea.