Etapa bikaina ikusi ahal izan da La Covatilla gainean. 11 laguneko ihesaldi ona, lanerako prest denak, eta tropelaren baimenarekin 10 minutuko zuloa irekitzeko. Mollema, Teuns edota De Gendt-en hautagaitza Ben King estatubatuarrarena baino sendoagoa zen, baina Dimension Data taldekoak abisua emana zeukan egun batzuk atzera, Alfaguara gainean bukatu zen etapa irabazita. Antzekoa egin zuen 9. etapan. Azken mendateko maldak hasi aurretik ihes egin, igotzaile peto-petoa ez dela jakitun. Lluis Masekin joan zen aurrena, eta bakarrik gero. 1.30eko aldea kendu zien iheskide guztiei, baina Mollemak azken igoera ikaragarria egin zuen. Kilometroz kilometro 5, 10 segundo jan zizkion King-i. 15 segundora ere eduki zuen, baina egina zeukanean, King-ek apurtxo bat estutu eta Mollema ezinean ito zuen. Oilarren artean ez zen nabarmentzeko konturik gertatu. Miguel Angel Lopezen eraso bakarra, baina alde handirik ez faboritoen artean. Valverdek berreskuratu du lidergoa eta Ion Izagirre bosgarren jarri da nagusian. Bihar Vueltako lehen atseden eguna izango da.