Tony Gallopin frantziarrak irabazi du Vueltako 7. etapa, Pozo de Alcónen. Oso ibilbide bihurria prestatu zuten antolatzaileek azken 20 kilometroetan: aldapa pikoak, jaitsiera gaiztoak, harri txintxarra nonahi bide bazterrean... Kontrola ezinezko egin zuen horrek, eta AG2R-eko frantziarrak ezin hobe baliatu zuen egoera 2.5 kilometrora erasoa jo eta bakarrik iristeko. Sagan izan zen onena oilarren tropelean, Valverderen aurretik.
Kwiatkoski izan zen galera jasan zuenetako bat. Bihurgune batean lurrera joan zen, helmugarako 10 kilometro eskas falta zirela, eta jazarpenean barren hustu bazen ere, 25 segundo galdu zituen Valverderekiko. Molard liderrak ere denbora apur bat galdu zuen, baina lidergoari eustea lortu zuen. Eguneko ihesaldian bi euskal herritar sartu ziren: Caja Ruraleko Alex Aranburu, eta Euskadi-Murias taldeko Oscar Rodriguez nafarra.
Bihar 8. etapa jokatuko da, Linares eta Almaden artean (Ciudad Real). Gaurkoaren antzeko etapa da, ez hain bihurria bukaeran, baina aldapatxo batean bukatuko dena. Saganek atzo erakutsi zuen mailarekin, baliteke biharkoa eslovakiarraren aukera bakarra izatea, Vueltan etapa bat irabazi eta Innsbruckeko Munduko Txapelketan pentsatzen hasi aurretik.