Azken 25 kilometroek aurreko 125ak baino zeresan gehiago eman zuten Vueltako 6. etapan. Lehen 4 ordutan, arrakastatsu izateko aukerarik batere ez zuen hiru laguneko ihesaldia sortu zen: Porte, Mate eta Cubero. Beti hiru minutuz azpiko errentarekin, tropel nagusiak nahi gabe harrapatu zituen, ia-ia, haize-babesak gerturatu zirenean erritmoa bizituz.
Denok zekiten ze arrisku zegoen, baina 50 lagun bakarrik geratu ziren aurrean. SKY, Bora eta Education First aritu ziren indartsuen "kuneta" sartzen, eta Kelderman eta Pinot izan ziren kaltetuenak. Kelderman, unerik txarrenean gurpila zulatu eta minutua galduta. Pinot, ohiko legez, kokapen txarrarekin zihoalako. 1.44 galdu zuten helmugan, Vueltan ematen diferentzia txikiak aintzat hartuz galera esanguratsua.
Esprintean Bouhanni zakur zaharrak ederki hartu zuen toki ona, eta beste esprinter guztiak menderatu zituen. 4 urte luze pasa dira, Cofisisek World Tour proba batean azken garaipena lortu zuela. Bouhanni azkena helmugaratu zen atzo, eta taldeko kirol zuzendariren batekin sestra eduki omen zuen. Kolperen bat edo beste ere ekarri omen zuen sestra horrek. Garaipenarekin, Bouhanni bera izan da, mahai gainean kolpea eman duena.
Bihar 7. etapa jokatuko da, Puerto Lumbreras Valverderen jaioterria eta Pozo Alcon artean. 186 kilometro eta bukaera gorabeheratsua, zirkuitu batean. 3. mailako mendate bat dute helmugatik 12 kilometrora, eta helmugak berak ere goranzko joera du: azkeneko 400 metroek ia %10eko pendiza dute. Valverde berarentzat ezin aproposagoa.