Etapa ihesaldiko norbaitek irabaziko zuela jakina zen, eta horrek izugarri zaildu zuen aurrera egingo zuen multzoaren jarduna. Bi ordu luze pasa zituen tropelak egurrean, 48 kilometro orduko abiaduran, eta osatu zenean jende asko sartu zen. Jende asko, eta ona. Tartean zen Mikel Iturria, Euskadi-Murias taldeko urnietarra, eta kostata, bidea egin zuten. Sartu zen, Iturria, baina alboan zituen iheskideekin garaipena oso zail jarri zitzaion: Clarke, De Marchi, Mollema, Villela, Mollard, Trentin...
20 oilar eskorta berean, mokoka hasi ziren berehala. De Marchik egin zuen aurrera aurrena, eta Mollema eta Clarke etorri ziren atzetik. Villela saiatu zen, atzetik aurrera, baina ez zuen lortu. Aurreko hirukoak aurkariak zaintzen egin zituen azken hiru kilometroak, eta jazarpenean zetozenak harrapatu zituzten, ia. Ez zen halakorik gertatu, azkenean, eta Clarke-k aise menderatu zituen Mollema eta De Marchi. Molard 10 segundora iritsi zen, eta horri esker lidergoa lapurtu zion Kwiatkowskiri. Tropela bost minutura iritsi zen.
Bihar 6. etapa jokatuko da, Huercal-Overa eta San Javier-Mar Menor artean. 155 kilometro, eta esprinterrentzat ezin aproposagoa