Oilarren arteko borroka handia espero zen La Alfaguara gainean etapa garaipena lortzeko, baina ihesaldiak, behingoagatik, pultsua irabazi zion tropelari. Besteak beste tropelak jazarpen lana egiteari uko egin ziolako. Bero sapa egin zuen atzo Granada aldean, eta tropelak balaztari eraginda osatu zuen etaparen zati handiena.
Aurrean sartu ziren Ben King, Rolland, Mate eta Euskadi Muriaseko Aritz Bagues, besteak beste. Ia 10 minutuko zuloa ireki zuten tropelarekiko, eta ez zuten oparia baztertu. Rolland zen, denetan ezagunena, baina King eta Stalnovek ordekan jotako erasoari erantzun ez, eta nahi eta ezin geratu zen helmugan. Han, King-ek aise menderatu zuen Stalnov gaztea.
Oilarren artean, Lotto-Jumbok jarri zuen erritmoa azken mendatean, eta asko xehatu zuen onenen taldea. 17 lagunek bakarrik eutsi zioten, eta horien artean Simon Yates eta Emmanuel Buchmann izan ziren indartsuenak. Azken hori bigarren jarri da sailkapen nagusian, Kwiatkoski liderrarengandik 7 segundora. Sailkapen hori asko estutu da eta minutu bakarreko tartean 17 ziklista daude.
Bihar 5. etapa jokatuko da, Granada eta Roquetas de Mar artean (Almeria). 189 kilometroko saioa, ibilbide gorabeheratsua Alpujarra eskualdean barrena, eta bigarren mailako mendatea duena helmugatik 27 kilometrora. Etapa aproposa da ihesaldietarako, SKYk ez duelako lidertza defendatu nahi, eta esprinterren taldeek ere ez dutelako esprinta bermatuko duen aldeko ibilbiderik.