Malagako muinoetan barrena korritu zen Vueltako 3. etapa, eta etapa ehiztariak tropelaren agintea kolokan jartzen saiatu baziren ere, ez zuten lortu. Quick Step taldearen merituari esker, Belgikako taldeak jakin bai baitaki Elia Viviani sasoi puntu bikainean dagoela. Ez alferrik, Veronakoak denboraldiko 16. garaipena lortu zuen, Vueltako lehena. Ondo Viviani eta ezin hobeto Maxim Morkov bideratzailearen lan aparta. Nizzolo eta Sagan menderatu zituen helmugan Vivianik, eta bere taldeari sasoiko 58. garaipena eman.
Eguneko ihesaldian sartu ziren berriro, besteak beste, Mate, Rolland eta Euskadi-Murias taldeko Saez. Etapa erdia gaindituta, Campenaerts, Gougeard eta Poltsberger elkartu zitzaizkien, eta ihes zihoazenak hauspotu. Hainbesteraino, Poltsberger helmugatik 6 kilometrora harrapatu zutela. Kwiatkowski liderrak arazorik gabe eutsi zion maillot gorriari.
4. etapa mendiko lehena izango da: Velez-Malagan hasi, eta Sierra de Alfaguaran bukatu, 161 kilometro. Lehen mailako mendate bat dago 66. kilometroan, ihesaldia egiteko aproposa, eta Granada pasa ondoren, azken 12 kilometroak goraka izango dira. Alfaguara ere lehen mailakotzat jo dute antolatzaileek. 12 km. da luze, eta batez bestekoa %5.4koa bada ere, kilometro oso bat %11tik gora du, mendate erdian.