Sagan eta Trentin esprinterrak ziren, faborito, etapa hasi aurretik, Caminito del Rey ailegaera bihurrian irabazteko, baina tarteka etzana izanagatik, esprinterrak ez, hautagai sendoenak klasiko zaleak direla erakutsi zuen azken aldapak. Laurent de Plus frantziarra saiatu zen aurrena, eta Valverde bera irten behar izan zen Quick Step-ekoa harrapatzeko. Kwiatkowski ondo itsatsi zen Valverderen gurpilera, eta aurrea ere hartu zion 200 metrora, baina Valverdek azken ahalegina egin eta menderatu egin zuen poloniarra.
Etapako ihesaldia zazpikote batek osatu zuen, izen ezagunekin: De Gendt, Rolland, Mate, Gougeard, Murias-eko Saez... Lau minutuko aldea ere izan zuten, baina Bora taldea jazarpenean hasi, eta berehala geratu zen garbi ihesaldiak jai zeukala. SKYk eta Movistarrek hartu zuten gidaritza bukaeran, eta batek etapa eraman zuen, Valverderekin, eta besteak lidergoa, Kwiatkowskirekin.
Caminito del Reyk espero baino alde handiagoak eragin zituen oilarren artean. Pello Bilbao eta Miguel Angel Lopezek 19 segundo galdu zituzten, Zakarinek 1.01, Martinek 1.15, eta Nibalik 4.04.
Bihar 3. etapa jokatuko da, Malagako Mijas eta Alhaurin de la Torre herrien artean. 175 kilometro, eta ibilbide gorabeheratsua, baina bukaera esprinterrentzat egokia.