Rohan Dennisek jantzi du Vueltako lehen mailot gorria, liderrarena. Pronostiko guztietan ia faborito bakar gisa agertzen zen BMC taldeko australiarra, eta pronostikoak berretsi zituen. Ez sufritu gabe, Kwiatkowski poloniarrak sekulako lan ona egin baitzuen, Campenaerts Europako txapelduna menderatzeraino! Hiru txirrindulari horiek osatu zuten eguneko podiuma: Dennis, Kwiato eta Campenaerts.
Iturria urnietarrak arazorik gabe osatu zuen 8 kilometroko erlojupekoa, 10.56 denborarekin. Iturria eta Euskadi-Murias taldeko kideentzat, bihar hasiko da benetako Vuelta, etapa bat irabazteko bidean.
Bihar 2. etapa korrituko da, errepideko lehena, Marbella eta Caminito del Rey gune turistiko ezagunaren artean. Gorabeheratsua da 163 kilometroko etapa, 2. mailako gain bat, eta 3. mailako hiru baititu. Horietako azkena helmugan, 7 km.-ko mendatea, %2.8ko batez bestekoarekin. Viviani eta Sagan dira, faboritoak, besteak beste. Ibilbideaz gain, tropelak bero zakarra izanen du aurkari, 35 gradutik gorako iragarpena egin baitute.