Ia beti bezala, esprintean erabaki zen Parisko ailegaera; Eliseoko Zelaiak, Garaipenaren Arkua, Versaillesko Jauregia... Lehen ordubetean, maillot ezberdinen irabazleei omenaldiak, hasi Gerain Thomas galestarra eta bere maillot horiarekin. Jarraitu podiumarekin, Dumoulin holandarrarentzat bigarren koska, eta hirugarrena, Thomas-en taldekide eta faborito nagusia zen Chris Froome. Julien Alaphilippe-k eraman du mendikoa, Saganek erregulartasuna, eta Pierre Latour-ek gazte onenaren maillot zuria.
Azken etapa Alexander Kristoff norvegiarrak irabazi zuen, Arnaud Demare eta John Degenkolben aurretik. Nahasi samarra izan zen azken esprinta, Lampaert-ek 100 metroko zuloa egin eta bideratzaile guztiak lehertu zituelako. Bigarren garaipena da Tourrean UAE Emirates taldearentzat. Thomas eta Froome elkar besarkatuta iritsi ziren helmugara. Sylvain Chavanel handiak ere azkenekoz zeharkatu zuen Eliseoetako Zelaia, erretiroa hartzea erabaki baitu, 38 urterekin.
Tourra joan da, urtebete eskas hurrengoa etortzeko. Espainiako Vuelta izango da hurrengo hitzordu garrantzitsua, abuztuaren 25an hasita, Aurrez Getxoko Sari Nagusia korrituko da, etzi Getxon, eta larunbatean, Donostiako klasikoa.