Etorkizuna polita dator. Froome-ren erresuma itzaltzen hasi dela, Geraint Thomasena sortu da, baina Tom Dumoulin, Egan Bernal eta Primoz Roglic ere indartsu datoz. Esloveniarrak erakustaldi handia eman zuen Aubisquen gora, Dumoulin eta Froome urruntzeko, baina ez zituen atzeratu. Beherantza, arriskatu egin zuen etapa garaileak eta podiuma ziurtatua duela esan daiteke. Borroka estua izango du Dumoulinekin, bigarren izateko, biharko erlojupekoan. Oso etapa polita izan zen, bizia. Ihesaldi ahalegin askorekin. Nieve eta Gorka Izagirre sartu ziren onean. Tourmaleten gora Landak jo zuen aurrera, eta Amador taldekidearen laguntza bikainari esker, aurrekoekin bat egin zuen eguneko azken mendatea hasi aurretik. Tropelean, ordea, interes asko zeuden, besteak beste Lotto-Jumbo taldearena, Roglicek Froome eta Dumoulin urrun zitzan. Gesink eta Kruswijken artean 3 minutuko zuloa jan zuten, eta Roglicek taldekideen lan bikaina errematatu zuen. Landa etaparik gabe geratu zen, eta sailkapen nagusian postu bat irabazi. Tourra Euskal Herrian izango da gaur. 31.2 kilometroko erlojupekoa jokatuko da Senpere eta Ezpeleta artean. Bakarkako saio bihurria, gorabeheratsua. Argitzeko, nagusiko 2. postua eta Top 10eko beste hainbat.