Arnaud Demarek bakarrik daki aurreko bi etapetan, Pirinioetan zenbateraino sufritu duen. Tropelaren erritmo biziari eutsi ezin, eta dozenaka kilometro egin ditu bakar-bakarrik, kontrol barruan sartzeko borroka zitalean. Lortu zuen, eta Pauen amorru handiz ospatu zuen Tour honetako bere lehen garaipena. Eguneko ihesaldian izen handiko txirrindulariak sartu ziren: Tepstra, Durbridge, Van Keyrsbulk, Hayman eta Boudat. Jaio orduko ikusi zen, baina, tropela ez zegoela oparitarako. Bost errodadore on izanda ere, bi minutu pasatxoko aldea bakarrik baimendu zien tropelak. 17 kilometrora harrapatu zituzten. Gaur Pirinioetako azken etapa jokatuko da, Lourdes eta Laruntze artean (200 km.). Bidean Aspin, Tourmalet, Borderes eta Aubisque ezaguna daude. Gainetik 17 kilometroko jaitsiera eta helmuga. Ibilbidea eta mendateak sobera, baina indarrak falta, dagoeneko.